Aurreztu ala inbertitu?
Jaurlaritzak eta bere eremuko hiru diputazioek 13.000 milioi euroren inbertsioa suspertuko omen dute krisialdiari aurre egiteko. Berehala atera zaizkie kritikak. Zenbait politikariren ustez, Euzko Alderdi Jeltzalearen egitasmoa besterik ez da, Lehendakariaren irudia garbitzeko; sindikatuen iritziz, eurekin kontatu barik hartutako erabakia; eta komunikabideen arabera, berriz, itxurak egiteko jantzi berriko albiste zaharrak.
Behar bada hirurak dira egia. Batetik, krisia dela-eta epeak aurreratu arren, programok ez dira berri-berriak; bestetik, Jaurlaritzak ez ditu inbertsioak sindikatuekin eztabaidatu eta, segurutik, guzti horren atzekaldean jeltzaleen eskua dago. Eta? Zein da arazoa?
Esanak esan, 13.000 milioi ez dira gauerdiko ahuntzaren eztula. Honek esangura du, ekonomian esku hartzeko gertu dagoen jaurlaritza dugula, eta Allende Boutin euskal kazetariak esan bezala: “Hegoaldean baloratu ez arren, Iparraldean ez da batere holakorik”.
Nik Jaurlaritzari egingo niokeen kritika zera da: bere finantza-egoera hain da ona eze (zorra, BPGren %0,9 baino ez), askoz ere inbertsio gehiago egin beharko lukeela. Ogasun-arduradunei entzunez gero badirudi Jaurlaritzaren helburua Europako aurreztailerik zorrotzena izatea dela. Aukeran, nik nahiago, ordea, Europako inbertsorerik handienak bagina.
Ahalik eta dirurik gehien gordetzea etxekoandre zintzoen tentaldia da. Ikerkuntzan eta Garapenean inork baino gehiago inbertitzea, ostera, herri aurreratuen estrategia.
Bakoitzak jakingo du zer izan nahi duen.
Goiz kronika. Euskadi Irratia, 2008.06.24
Onenetakoak Espainian; hirugarren mailakoak, Europan.