Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aurrezki kutxen fusioa

Aurrezki kutxen fusioa

Amatiño 2008/10/22 00:09
Ilobarik txikienaren lehen urtebetetzea dela eta, biei libreta bana irekitzea erabaki du aittitta zaharrak. Libretak aurrezki kutxan irekitzen direnez gero, banoa ttipirri-ttaparra bertara.

Ondo hartu naute, gozo, irribarrez eta pozarren baina… ezin gero naizen honek iloba biei libretarik ireki. Horretarako, dirua aittittak jarri arren, baimena  haurren gurasoei baino ez omen dagokie. Bapo baina… gurasoei baimena eskatu behar izanez gero, akabo sorpresa! Beste soluziorik bai ote?  Bai, legez ez nukeela baimenik eskatu beharrik izango baldin iloba bakoitzaren familia-liburua  ekarriko banu. Joño baina, zelan demontre lortuko ditut ba nik, inori ezer esan gabe, nere seme-alaben familia-liburuak?

Kutxaren erraztasunik ezean, pare-parean dagoen banketxera jo dut. Behar bada ez naute aurreko leihatilan bezain gozo, irribarrez eta pozarren hartu baina bai behintzat zehatz: Zenbat? – galdetzen didate. Zenbat? Zelan zenbat? Ba horixe, libreta bi ireki nahi ditudala, bai, hori ulertu didatela, baina zenbat diru jarriko ote diedan ez dudala esan. Diru-hotsaren ostean iloba bien izen-abizenak idatzi, azpian lapitzaz gurutzetxoa marraztu eta… ahal dutenean, haurren gurasoek sinatu dezatela hemen, eta ekarri.

Ez dira hor amaitzen kutxen arteko abenturak. Aittittak negozio txikia jarri du eta, bezeroen hobe beharrez, Bizkaiko kutxan kontua ireki. Dena primeran estreinako BEZa ordaindu behar arte. Zeharo harrigarri iruditu arren, horra non Bizkaiko kutxak eta Gipuzkoako Ogasunak ez duten elkar ezagutu ere egiten. Nonbait kutxa bizkaitarrak ez du sekula uste izan bere bezeroen artean hiritar gipuzkoarrik izan litekeenik eta, aldi berean, Ogasun gipuzkoarrari ez bide zaio burutik ere pasatu bere zergapekoren batek Bizkaiko kutxan kontu korronterik ireki lezakeenik. Zer gerta ere, ez da bien arteko bizitzarik. Ez da, ez dago, ezin da. Bizkaiko banketxerik koxkorrenak egin dezakeena ezin du kutxarik galantena egin.

Definigaitza, benetan, gure zenbait erakunde publikoren lehiakortasuna bezero berriak lortzerako orduan. Fusioa beharrezko omen. Seguru gero baietz. Auskalo, ordea, aski izango ote den.

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: