Aurrerapenaren mitoaz jabetzearen aurrerapena
Nahiz eta, haren ustez, orain arte indarrean izan dugun eskemak (iragana → oraina → etorkizuna) honezkero balio ez izan. Hau da, iragana ez dela ustez jakin dakigun datu zehatza, egungoaren araberako interpretazioa baino; oraina, berriz, guztiz partziala eta subjektiboa dela; eta, beraz, iragana zein oraina zehatz ezagutzeko gauza ez bagara… nola arraio asmatuko dugu ba etorkizuna?
Izan ere, Edgar Morinen iritziz, 1960ko hamarkadan (berak berrogeitaka urte) abian jarri eta hurrengo hamarkadan (berak mende erdi) bideratutako “aurrerapen aurrerakoiak” porrot egin omen du. Eta ez bide da inondik ere egia historia amaitu denik. Alderantziz baizik: ez gara historiarik aterako eta azken soluzioa urruti dago. Are gehiago: gizadiaren historiaurrean jarraitzen omen dugu, “planetaren Burdin Aroan”. Ereserki sozialistaz baliatuz zera dio: “kontua ez da azken borroka (lucha final), hasierako borroka (lucha inicial) baino”. Hau hasi besterik ez da egin.
Eta nondik etorriko ote da ba zorioneko metamorfosia? Inondik eta denetik. Etorri beharreko Iraultza (letra larriz idatzia) ez omen da ohiko agintaritzatik (estatua, gobernua…), operatzaile bakarretik (alderdia, langileria...) edo orain arteko gizartetik (komunikabideak…) etorriko, gutariko guztion ahaleginetatik baizik.
Amaitzeko, albiste on bat, aurrerapena galtzearekin batera ilusioa galdu dutenei bereziki eskainia: ez omen dugu dena galdu; are gehiago, sekulako aurkikuntza egin omen dugu. Galdu dugu, bai, aurrerapenaren promesa, baina hain zuzen ere aurrerapen handiagoa omen da aurrerapena mitoa baino ez zela behingoz konturatzea.