Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aurkezlea eta hitzaurregilea kontrajarriak direnean

Aurkezlea eta hitzaurregilea kontrajarriak direnean

Amatiño 2020/05/07 15:05
Erabat arrunta da, gero, argitara emandako edozein liburuk bultzagilearen sarrera eramatea eta, ondoren, obraren aurretik, adituren baten hitzaurrea. Normala ere bada, ohikoa, zentzuzkoa-edo, aurkezlea eta hitzaurregilea “haize-bolada” berekoak izatea. Bada, ordea, salbuespenik.

Bizkaiko Foru Diputazioak 1984ean argitara eman zuen Lope Gartzia Salazar oinaztarraren “Las Bienandanzas e Fortunas”, 1471-1475 urteetako kodize-bilduma, bi moldetan, bata bestearen ostean.

Batetik, XV. mendean eskuz idatzitako dokumentua argazkitan, faksimil eran. Eta, bestetik, testu berbera, egungo tipografiaz egokitua, baina jatorrizko adiera eta hitz-moldeei eutsiz.

Faksimilezko eskuizkribua zeharo irakurtezina suertatzen da irakurle arruntarentzat, eta egungo moldiztegiko emaitza, berriz, teoriaz arazo handirik gabe irakurri ahal izan arren, gogotik arrotza, astuna eta aspergarria da. Besteren batzuk izan ziren, itxuraz, bostehun urte geroago liburua argitaratzeko arrazoiak. Eta arrazoiok emate aldera datozkigu, hain zuzen, harako sarrera eta hitzaurrea.

Bizkaiko jeltzalea vs Palenciako frankista

Sarrera gisa, Jose Maria Makua (Bilbo, 1923-1990) Ahaldun Nagusiak nabarmen azpimarratzen du Lope Gartzia Salazar Bizkaiko semearen grina, adorea, kemena, jakituria eta, hil arte, nornahiren kontra (zenbait seme-alaba tarteko) defenditu izan zituen izakera eta nortasuna. Makuak nolabaiteko paralelismoa sumatzen du orduko “gudua eta kultura” eta oraingo “industria eta kultura” bikoteen artean, eta ez du inondik ere ahazten Muñatoizko San Martin gazteluko nagusiaren jakineko irakurzaletasuna, etengabe aipatzen dituen iturriak, agiriak, autoreak eta erreferentziak lekuko. Are gehiago, Ahaldun Nagusiak gogorarazten du Lope Gartzia Salazar dugula inoiz Bizkaian izan den lehen historialaria*, aurretik Aiarako Lopez  kantzelaria (1332-1407) Araban izan zenaren ildotik eta ondoren Gipuzkoan izango zenaren Esteban Garibairen (1533-1600) bidetik. Hiruak elkarrekin aldarrikatu beharreko euskal herri-ardatz berekoak, antza.

Hitzaurrea, berriz, Ángel Rodríguez Herrero (Palencia, 1902 – Bilbo, 1990) Bizkaiko Biblioteka Katearen (1958) aurrenengo zuzendariarena da, eta azken lerroek, zera diote: Todo ello fue motivo suficiente para unir a los vizcaínos y colocarse al lado del Conde de Treviño, y tomando el partido de doña Isabel y don Fernando, aprovecharon esta coyuntura para acometer al Conde de Haro y sus partidarios, al que derrotaron el 27 de abril de 1471 en la célebre batalla de Munguía, contribuyendo de esta suerte a la integridad de la Patria y a la Unidad Nacional tan deseada por los Reyes Católicos, renovando de este modo su acendrado patriotismo y haciendo honor a sus antepasados, que tanto contribuyeron a las glorias de la Nación Española, como hemos visto a través de Lope García de Salazar en su famosa obra Las Bienandanzas e fortunas.

Espainiako XX. mendeko nazional-katolizismoaren terminologia hau nola atxiki ote dakiokeen XV. mendeko bando-gatazkei ulertzeko, Wikipediak ematen digu Bizkaiko goi mailako funtzionario honen arrastoa, alegia: “ El dictador Francisco Franco le cedió un viñedo a las afueras de Bilbao para él y su familia a cambio de que alguno de sus hijos varones sirviera en las filas franquistas así fue como su hijo Ángel Rodríguez se enlistó en la División Azul, una división a cargo de la Alemania Nazi”.

Jose Mari Makuak, ostera, 12 urte baino ez zituen Eusko Ikasle Batza elkartean sartu zenean. Hamalaurekin  erbestera alde egin behar izan zuen; gerrostean itzuli eta Juan Ajuriagerraren magalean aritu; 1976ko hauteskundeetatik aurrera EAJren zerrendetan agertzen hasi eta, 1983tik 1987 arte, sekula ezagutu izan dugun Bizkaiko Diputatu Nagusirik “bizkaitarrena” izan zen, zentzu guztietan… nahiz ama bergararra izan.

Norbaitek galde dezake: baina zein arraiok bil ditzake horren arima kontrajarriak liburu berberaren atarian? Nire ustez, jakineko egoerak baino ez:  1970 eta 1980 hamarkaden arteko trantsizio politikoak.

Muñatones gaztelua

Muñatoizko San Martin gaztelua (XIV.-XV. mendeetakoa), Muskizen, non Lope Gartzia Salazar oinaztarrak idatzi zuen "Istoria de las bienandanças e fortunas" liburua (25 ale)

* Historia orokorra, nolabaiteko eurozentrismoaren ikuspegiaz. Munduaren sorreratik hasi eta bertatik bertara ezagutu zituen bandokideen arteko guduetaraino, Babel, Babilonia, Grezia, Erroma, Nafarroa, Gurutzadak, europar erreinuak etab., Abraham. Alexandro Handia, Anibal edo Iñigo Arista tarteko. 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: