Aukeran, hobe Fernández euskalduna Atxaga erdalduna baino
Urrutiegi joan beharrik gabe ere, barteko programan bertan esatariak garbi asko bota zuen García erdal abizena dela; eta Andoni Agirregomezkorta aktoreak, berriz, zalantzan jarri zuen (bere bigarren) Muñoz deitura euskalduna ote den. Baina, nork esan du García gaztelaniazko deitura denik eta, Muñoa euskalduna bada, zergatik da Muñoz gaztelarra? Non dago mugarria Peru, Perez eta Perurenaren artean? Non, Lope, Lopez, Loperena eta Lopetegiren artean? Edo Lope, Txope, Txoperena eta Txopitearen artean?
Koldo Mitxelenari jaramonik egingo badiogu. “Consideramos que un apellido es vasco por el simple hecho de que alguno de sus componentes lo sea, o incluso simplemente porque lo sea la forma en que están compuestos”. Baita salamankariak adibidea jarri ere: “”Ripalda es para mí tan vasco por sus particularidades fonéticas –aunque tanto ripa como alta sean completamente latinos— como puedan serlo Arrieta o Sagardia” (Apellidos Vascos. Biblioteca Vascongada de los Amigos del Pais. San Sebastián, 1953).
Gauzak ez dira beti diruditen bezain bakunak. Jenderik gehienak erdalduntzat jotzen ditu Velasco, Jiménez eta García abizenak, jatorriz euskaldunak izan arren. Eta euskaldun peto-petotzat, aldiz, Arzak, Bikandi eta Mendikute, jatorriz, behintzat, erdaldunak izan arren.
Dena den, nire belaunaldikook maisu izan genuen Mikel Atxaga Fernández kazetariak esan ohi zuenez: “Aukeran, hobe Fernandez euskalduna Atxaga erdalduna baino”.
Hona hemen zioena:
Jimeno, Jimena, Jimenez: jatorriz Semeno, Semeño = seme txikia, familiako seme gazteena.
García: jatorriz Gartzea. Nafarroako euskalkian tipikoa da “r” bat tartekatzea hainbat hitzetan: bertze, bortz, gartze eta abar. Gurean: beste, bost, gazte direnak.
Lopez: jatorriz Otsoa. Antza denez, euskal mertzenario asko zegoen erromatar gudalostean bai eta Zesarren bizkartzainen artean ere, Otsoa abizena guztiz arrunta zelarik, hortik abizenaren latinizazioa: Lupus, Lope, Lopez.