Aukeran, hobe Felipe Hollande baino
Ni amerikarra banintz ez nuke sekula erregetzarik aldarrikatuko. Baina ezta aldaketarik eskatuko ere danimarkarra, norvegiarra edo suediarra banintz. Irudi ere, ez zait iruditzen eskoziar eta flandiarrei eragozpen handirik egin dienik errege-sistemak, heldu diren heldulekura heltzeko.
Bai, Espainia errepublika balitz, bere presidentea ere, lehen ministroaz gainera, espaniar alderdi politiko handiren bateko kidea izango litzateke. Bat ez ote nahiko? Zertarako bi? Nik, aukeran, nahiago bietako bat ezein alderdikoa, trukean odol-urdina izan behar baldin badu ere.
Bai, bistakoa da nire iritzia ez dagoela batera joeran. Bost axola. Esanak esan, eta zer gerta ere, nik, aukeran, nahiago Felipe Hollande baino.
Harrezkero, Frantziako gobernuak ez du inoiz industri handirik kokatzea onartu iparraldeko hiru lurraldeetan. Paris, Bordeaux, Lyon edo beste hiri handitako udatiarrak erreserba berde bat topatu du beti Iparreko Euskal Herrian bere “bakantzak” emateko edo bere bigarren etxea edukitzeko.
Horrela lortu da, pixkanaka-pixkanaka, euskara desager dadila eta euskaldun asko, baserri eta lurrak salduta, Ameriketara edo Frantziako beste herritarako behin betirako deserritzera bultzaraztea.
Mutil gazte nintzenean, Xiberutik Parisera – opila egiterat – joaten ziren neskei buruz hitz egiten zenean betiko topikoa erabiltzen zen “hau neskame edo puta bukatuko duk”. Frantzia demokratiko hartan ez zegoen ardura handirik euskaldunekiko. Eta gaur ere...
Zenbat aldiz ez ote dugun bada irakurri Lapurdiko udaldi-lekuetan: “Parlez propre, parlez français” Mintza zaitezte garbi, mintza zaitezte frantsesez.