Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Athletica ikusteko… irratia nahiko

Athletica ikusteko… irratia nahiko

Amatiño 2014/11/06 22:30
Euskal Irrati-telebistaren sareetako aurrenengo teknikari nagusiak esan zigun orain hogeita hamar urte inguru: “Lehen mailako futbola ikusteko hobe telebisiñoa. Bigarren mailakoa jarraitzeko, ostera, irratia be nahikoa”. Orduan aldrebeskeria samarra iruditu zitzaigun arren, hartaz gogoratu naiz bart, Athleticen partidaren emanaldia Euskadi Irratian entzuten ari nintzela.

Hogeita hamarren bat urte ETBk ekin ziola futbol-partidak telebistaz emateari eta, eskutan genuen baliabide berriak sortarazten zigun lilura haren inguruan, sarri filosofatu ohi genuen “genero” berriaren (telebista) eta zaharraren (irratia) arteko aldeak zekartzan onurez eta hobariez. Eztabaida haietan Jon Aurre sare-arduradunak bota zuen bota beharrekoa. Eta, teknikari peto-petoa zenez gero, inor gutxik egin zion jaramon.

Atzo ez nintzen San Mamesen izan. Sarrera patrikan nuen arren, Iberdrolaren dorrepean pasatu behar izan nuen ilunabarra, (zertan eta…) enpresen gizarte-erantzukizunaz antolatutako jardunaldian. Etxera bidean, ordea, Euskadi Irratiari esker, Athleticen hondamendiaren berri jakiteko abagunea izan nuen, zuzen-zuzenean gero. Baita Jon Aurre on puska zenaz gogoratzeko aukera ere.

Euskal Irrati-telebistaren sareetako lehen arduradunak erabat asmatu zuen, nonbait, Messi eta Ronaldo bezalako izarren jokoaz jabetzeko “ikusi” egin behar dela adierazi zuenean, ez dela nahiko entzutea, alegia. Beste modu batez esanda, zenbait jokalariren trebetasunak azaltzeko besteko hitz aproposik ez dagoela inoren ahotan edo, nahi izanez gero, haien joko bilbatua antzemateko besteko irudimenik ez duela entzule arruntak.

Athleticek (eta Realak) aspaldiotan erakusten diharduen joko-mailaz konturatzeko, ordea, ez dago irudi beharrik, ez dago telebista beharrik. Horretarako, Haritz Gallastegiren jarioa, bihotza eta zirrara aski eta lar ere badira, gehien-gehienetan.

Ikuskizuna behatzeko eta begiratzeko, beti ere irudia jantziena. Unean uneko informaziorako berriz, "minutua eta emaitza", nekez ezer irratia baino eraginkorragorik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: