Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Atauriko mutilaren haserrealdia

Atauriko mutilaren haserrealdia

Amatiño 2012/03/18 19:00
Ez da gero erraz ulertzekoa zer dela-eta bere erreskateagatik ezer ordaindu beharrik izan ez duen eskalatzaile federatuak horrelako arinkeriak esan dituen. Gure Atauriko mutila haserre dago nonbait. Bere buruarekin haserre. Pasatuko zaio.

Ertzaintzak helikopteroz erreskatu behar izan zuen, otsailaren 26an, Arabako Ataurin, eskalatzen ziharduela eroritako gaztea. Hiru astebete geroago Herrizaingo Sailak  faktura luzatu dio, 2.417,41 euroz,  eta eskalatzailearen aseguru.-etxeak ordaindu. Honaino dena erabat normala, Eusko Legebiltzarrak 2011ko abenduaren 22an erabaki zuenez gero. Ez da inondik ere normala, ostera, eskalatzaileak  komunikabideei adierazitakoa. Hau da:

1- Erreskatze-gastuak kobratzerakoan Administrazioaren helburua “errecaudatorioa” da, dirua bildu-nahi hutsa alegia. 2- Bere erreskatea aurrez ordainduta zegoen zerga bidez eta aseguruak bigarren aldiz ordaindu besterik ez du egin.  3- Mendigoizale guztiak ez daude federatuak eta badira federazio-kuotarik ordaintzerik ez duten mendizaleak.

Ez dut uste horrelako demagogia-erantzunek mesederik egiten diotenik mendizaletasunari. Mendizaleak zintzotzat, zentzuduntzat eta orekatutzat izan ohi ditugu, baina horrelakorik esateko gauza denak laguntzaren bat behar du.

Batetik, gogoratu behar da Administrazioaren dirua bildu-nahia, txarrenean ere, zilegi dela. Demokrazian, tasa eta prezio publikoak kobratzea erakundeen zereginetako bat da. Zer esanik ez, Legebiltzarrak erabakitako legearen arabera baldin bada.

Bestetik, gure gaztea eskalatzaile ona izango da, agian, baina hiritar eskasa eta lotsagabe samarra. Berak besterik uste arren, bere erreskatea ez da birritan ordaindu, behin baizik, bere aseguruak ordaindu duenean, preseski. Eta, hain zuzen ere, kobratu izan ez balitzaio, guztion artean ordaindu behar izango genuke. Baina, beti ere, behin baino ez.

Amaitzeko, eskalatzaile fina izan arren, gezurtia ere bada, mendizaletasun arrunta ez baita arrisku-kirola eta, horretara, ez da sartzen Eusko Jaurlaritzak erreskatea kobratu beharreko kirol-zerrendan. Beste modu batez esanda, igandean mendira joateko ez dago federatu beharrik. Eta, gainera, federatu beharrik balego ere, ez dut inor ezagutzen bere kirol-zaletasunari uko egin dionik federazio-kuota ez ordaintzeagatik. Ez behintzat Euskal Herrian.

Ez da gero erraz ulertzekoa zer dela-eta erreskateagatik ezer ordaindu beharrik izan ez duen eskalatzaile federatuak horrelako arinkeriak esan behar izan duen. Gure Atauriko mutila haserre dago nonbait. Bere buruarekin haserre. Pasatuko zaio.

Atauri

 

Eusko Jaurlaritzak honako hauek katalogatu ditu arrisku-kirol gisa:

Urpekaritza, igeriketa-zeharkaldiak, windsurfa, flysurfa, uretako eskia, wakeboarda, wakesurfa, skurferra, uretako motoak, bodyboarda, surfa, raftinga, hydrospeeda, piraguismoa, arraunketa, arroilen eta troken jaitsiera, zubi-saltoa, goma-saltoa, kite buggya, quadak, eskalada, kirol-espeleologia edo «espeleismoa», mendiko bizikleta babes-kaskorik gabe, moto-krosa, mendiko motordun ibilgailuak, raid eta trec diziplinetako hipika, zaldizko turismo eta ibilaldiak, eskia, snowboarda, elurretako motoak, paraskia, snowbikea, mushinga, skibikea, aerostazioa, parakaidismoa, base-jauzia, hegaldiak ultrarinetan, hegaldiak motordun aparatuetan, parapentea, delta hegala eta parasailinga.

oier g
oier g dio:
2012/03/19 00:33

Eusko Jaurlaritzak arinkerixa haundiz osatu dau ustez arriskutsu dirazen kirol zerrendiori. Izan be, zuk arriskutsua ez dala diñozun arren, asko be diru gehixago juaten da mendizale "arrunten" eta perretxikozalien erreskatetan, eskalatzaillienetan baiño. Espeleologuok hamen argumentau doguz gure atxekixak: http://www.euskalespeleo.com/FotosDocs/110520_Tasa02_Parl_ComisionHacienda.pdf

Amatiño
Amatiño dio:
2012/03/19 13:03

Nik ez juat ukatzen espeleologuen arrazoirik. Baina, onenian be, "euren" arrazoia dok, ez "arrazoia". Nik be arinkerixa edo kontraesanen bat edo beste nabarmenduko najeukek espeleologuen testu horretan.

Nere asmua ez zuan Eusko Jaurlaritzari danian arrazoia emotia, Atauriko mutillan adierazpenak salatzia baino. Nik uste juat horrelakoeaz ez jakola mendizaletasunari bape mesederik egiten.

Eskiatzera juaten diranen artian ziharo normala dan moduan federauta eta asegurauta egotia, zergatik ez dok normala izan bihar beste hainbat kiroletan?

Gainera, Atauriko eskalatzailia asegurauta dagok. Zergaittik ordaintzen jok asegurua? Zeozer gertatzen jakonian aseguru-etxia muxutruk urtetzeko?

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: