Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Askatasuna: negoziatu beharreko eskubidea

Askatasuna: negoziatu beharreko eskubidea

Amatiño 2012/10/16 17:45
David Cameron eta Alex Salmond lehen ministroek bart sinatu dute, Edinburgon, urte bi barru antolatu beharreko Eskoziaren independentziari buruzko erreferendum-ituna. Erreferenduma bai, ituna ere bai.
Askatasuna: negoziatu beharreko eskubidea

Salmond eta Cameron, bart

Ituna beharko da, bai, eta ez noiz, non eta nola zehazteko soil-soilik, baita –baiezkotan--  ondoko eskuduntza-banaketa, Ipar Itsasoko gas zein petrolio-ustiapena edo estrategiazko beste hainbat erabaki elkarrekin hartzeko ere.

Bitartean, gure ingurumari honetan astindu beharreko mamuak bestelakoak dira, esaterako: kataluniarrak (edo euskaldunak) erretiro-pentsioak ordaintzeko gauza izango ote diren edo Barcelonak zein ligatan jokatu beharko lukeen.

Barcelona futbol-taldearen etorkizunak ez nau batere kezkatzen baina pentsioen alorrean uste dut ziria sartzen ari zaizkigula batzuok eta besteok.

Izan ere, nago, oinarrizko daturik funtsezkoena falta dela beti, pentsioei erantzuteko ahalmenez eztabaida suertatzen den bakoitzean. Inork aipatzen ez duen datu objektiboa, alegia: gizarte-segurantzaren diru-funts guztiak Madrilen daudela.

Kontua ez da oraingo kotizazioak aski al diren --ala ez-- egungo beharrizanei erantzuteko, baizik eta nork kudeatuko ote lukeen azken zazpi hamarkadotako diru-pilaketa. Eta honek, zer gerta ere, ituna eskatzen du, negoziazioa.

Ez dakit nik baina, behar bada, independentzia “hor-konpon-marianton” eta “agur benhur” esatea baino gauza konplexuagoa da. Seguru gero independentzia oinarrizko eskubidea dela, baina negoziatu beharreko ondorioak dituen eskubidea. Negoziatzen ere jakin egin behar da. Eta mundu guztiak ez daki negoziatzen.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: