Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Artur Mas, fidagarria

Artur Mas, fidagarria

Amatiño 2010/11/13 23:50
Ene irudiko, Artur Mas da gaur egun espainiar politikagintzak merkatuan duen hautagairik baliotsuena. Katalunian eta Espainia guztian barrena, Hego Euskal Herri osoa tarteko.

Artur Masek irabaziko omen ditu hamabost egun barru Kataluniako hauteskundeak. Alde gehiagoz edo gutxiagoz, ez dirudi zalantzan dagoenik CiUren garaipena, 1980tik hona beti lortu izan bai baitu parlamentaririk gehien. Bartzelonan ez behar bada samurregi; dezente erraz, ordea, Gironan, Lleidan eta Tarragonan

Segurutik azken hogeita hamar urteotako historia CiUren alde dago, baita azken bizpahiru urteotako haize-bolada ere. Baina, horrez  gainera, zer gerta ere, badu CiUk beti ere segurtatzerik ez dagoen altxortxoa: zerrendabururik onena.

Artur Mas berriketabako liderra da, buruzagi ona, politikari zintzoa, koherentea, sinesgarria, fidagarria. Herri-konpromiso gardenaren jabe delako eta bokazioz dagoelako dagoen lekuan, ez besterik ezean edo besterik ezinean. Kulturaz jantzia da, ondo prestatua dago, hitzegiten daki eta are gehiago entzuten. Solaskide atsegina. Eta guztia gutxi bailitzan, errotik katalana eta, aldi berean, arrunt kosmopolita. Ondotxo daki zer nahi duen eta zer ahal duen.

Ene irudiko, Artur Mas da gaur egun espainiar politikagintzak  merkatuan duen hautagairik baliotsuena. Katalunian eta Espainia guztian barrena, Hego Euskal Herri osoa tarteko.

 Harvard2

Artur Mas, Harvard Unibertsitatean (2004). Eskuinean, Marc Guerrero i Tarragó, orduan CDCren Nazioarteko Harreman Bateragilea eta, egun, Europako Alderdi Liberal Demokrataren lehendakariordea

Hiru gezurren estatua

The statue of three lies esan ohi zaio Harvard Unibertsitatearen sarreran dagoen estatuari. Aurrez aurre zera dio: John Harvard, Founder, 1638. Baina, hiru datuetarik,  bat bera ere ez omen da egia.

Lehen eta behingoz, John Harvardek ez zuen unibertsitaterik sortu, Massachusetts-eko gobernuak baino. Bestetik, sorrera urte bi lehenago izan zen, 1636an. Eta, atzenez baina ez hutsalenez, Chester French eskultoreak ezin izan zuen John Harvard berrehun urte geroago irudikatu, ez baitago beronen batere erretraturik. Antza denez, Sherman Hoar izeneko unibertsitate-ikaslea erabili zuen eredutzat.

 

petronornaldiatik coke ez!
petronornaldiatik coke ez! dio:
2010/11/14 13:38

Argazki hori? Uauuuuuuuuuuuuu!!! Ze "fidagarri" koadrila, uauuuuuuuuuuuuu, uauuuuuuuuu!! maitasun handiz, maiztasun txikiz

Amatiño
Amatiño dio:
2010/11/14 21:23

Bai, "La red social" ikusi beharreko filmen zerrendan daukat baina, ezin gero, denetara heldu. Ahalegintzen naiz astean behin zinera joaten, baina hala ere, hilean lauzpabost film baino ez guztira, estreinaldiak dezente gehiago diren artean.

Denak ikusterik ez dagoenez gero, aukeratzen ere asmatu behar izaten da. Eta kritika ofiziala ez da beti bermerik seguruena izaten. Esate baterako karteledegian dagoen "Copia certificada" filmak kritikarien bedeinkazio guztiak ditu eta, egia esan, hobe besteren bat aukeratu izan banu.

"La red social" horrek ere kritika ona du, baina ez nengoen batere konbentzituta. Dena den, zuk badiozu, joango naiz. Eskerrik asko.

Luistxo
Luistxo dio:
2010/11/14 20:49

Estatua eta bere gezurrak... moda-modako pelikulan ageri dira: The Social Network. Zure zine-zaletasunarekin, pentsatzen dut joango zarela ikustera. Neuri gustatu zait.

Amatiño
Amatiño dio:
2010/11/16 01:04

Etsi-etsian iluntzean joan naiz "La red social" ikustera. Atzo esan nuen ez nengoela batere konbentzitua eta, kritika ofizialak zein Luistxok animatu arren...

  1. Lehen ordubetea erabat aspergarria iruditu zait. Algoritmo asko eta emozio gutxi.
  2. Badakit facebookek 500 milioi erabiltzaile dituela, baina ni ez naiz horietako bat. Segurutik "feisbukatzaileentzako" film aproposa. Neri izugarri luze egin zait, noiz behingoz amaituko zain.
  3. Gustatu zait Jesse Eisenberg (Mark Zuckerberg) aktorea.
  4. Filma ikusi ostean hobeto ulertu dut Luistxoren iruzkinaren nondik norakoa.

Eskerrik asko.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: