Artikutzako ur-satorrak datorren urtean elkartuko dira
Pirinioetako ur-satorra (Galemys pyrenaicus) galzorian dago. Euskal Herrian dirauten alerik gehienak Leitzaran, Bidasoa, Baztan eta Belate inguruan bizi dira eta, hain zuzen, batez ere, Bertizen eta Artikutzan.
Bizi dira errekatxoetako urgoienetan, nongo ornogabe txikerrak xurgatzen dituzten hauspo gisako muturluzeaz. Izenaren jabe direnez, ur-satorrek ura maite dute, baina ez ur handi eta sakonak, lasterrak eta bizkorrak baizik. Horra zergatik, 1948an Enobietako erreka presatu zenean, “goiko” (sarrerako) eta “beheko” (irteerako) familiak bitan banatu ziren, betidaniko harremanei eutsi ezinik.
Artikutzako 37 kilometro karratuak 1919an erosi zituen Donostiako Udalak, eta 1948an Enobietako presa (35 metroko garaiera) jaso, gero eta gehiago hazten ari zen Gipuzkoako hiriburuarentzat nafar ura biltzeko asmotan. Gaur egun, ordea, Donostialde osoak Añarbetik (1975) edaten du eta Artikutzako emaria, guztira, %5 baino ez da.
Orreagako agustindarren ondare (XIII. mendean) izan zen haran honek merezi du bisita. Erdiarotik aurrera burdinolez jantzi eta lurrun-trena jartzera ere (1898-1918) heldu zen lurraldeak gogotik eskatzen du sartu-irtenen bat. Azken mendean hesitua –eta neurri handiz itxia— iraun ostean, beste edozein inguruk baino naturalago darrai… nahiz garai batean, hobe beharrez-edo, landatutako espezie arrotzak orain egokienak ez iruditu.
Iberiar penintsulako lekurik euritsuena izaki, ikaragarriak dira bertako pagadiak, hariztiak eta txilardiak; nabarmenak, atzerritik ekarritako amerikar laritzak, haritzak, altzak eta sekuoiak; eta ezustekoak, berriz, bertatik bertara, txitean pitean, agertzen diren perretxikoak. Halaber, gidaritzat daramagun neskatilari jaramonik egingo badiogu, ez omen da gero falta, baso jorian, basurde, orein, miru, okil, urtxintxa, arrabio, ur-zozo, igel gorri eta bestelakorik.
Egun pasa, bospasei ordu mendian ibiltzeko benetan leku aproposa. Eta, paradoxa bada ere, ez ura soinean eramaterik ahaztu.
Ur-satorra (Galemys pyrenaicus), Artikutzan deritzaionez. Zenbait lekutan "muturluze" ere esaten zaio. Deitura biak dira zentzuzkoak.
Artikutzako basoa (37 km. karratu), non, batez beste, bost mendizale galdetzen diren urtero. Zuloan, Enobietako urtegia (husten hasi aurretik) eta, alboan, Artikutza auzoa. Barren-barreneko mendiak, Goizueta ingurukoak.
Eskas-eko guardetxean hasi eta Lesakako (Enobieta) zein Arantzako (Pagolleta eta Izu) mugetan zehar doa, horiz, gainez gain, bidezidorretako bat, Artikutza auzoraino. Urtegi-bazterretik aurrera, berriz, pare bat aukera gorantza, hasierako parkineraino.
Mendi-taldeko lau lagun, lauak eibartarrak, Artikutzako presa-gainean
Artikutza auzoa, San Agustin ermita aurretik ikusia. Ezkerraldean, barren-barrenean, Ostatu Zaharra. Erdiko eraikin garaua, Olajaundi jauregia, ola-ugazaba zenaren etxea.