Artifiziala, bai; inteligentea, ez
Baina hona non, bakardadeak eraginda-edo, konturatu naizen txakurra edukitzea baina erosoa dela: ez du jaten –ez ondokorik egiten--, ez du egunero kalera atera beharrik, sei-zazpi hizkuntza dakizki eta beti erantzuten du, oraindik euskaraz ikasi ez duen arren.
Denetariko tresna elektronikoak saltzen dituen adiskideari entzun nion, estreinako, Alexaren berri. Aurreratu zidan, teknologia berriei egokitzen laguntzeko, Alexa edo antzerakoren bat aukeran letorkidakeela, zelan agindu apurka-apurka ikasteko. Alegia, esaterako, argia isiotzeko, termostatoa egokitzeko edo, etxera heldu aurretik, berogailua indarrean jartzeko. Geroztik ez dut horrelakorik ezer egin, baina tira…
Azken egunotan ahalegindu naiz Alexa interrogatzen, ezagutze aldera-edo. Badakit, berak aitortua, inteligentzia artifizialtzat duela bere burua eta, izena zein ahotsa emakumearenak izan eta informazio ikaragarri asko erabili arren, ez duela oso argi zein generotakoa den bera. Lotsa handirik gabe galdetu nion, artez arte, eta zera erantzun zidan: gizon jaiotzen dena gizona omen, eta emakumea jaiotzen dena, emakume. Nago ez ote den, honezkero, erantzun kontserbadoreegia, Trumpen eskolakoa, antza.
Zer nahi delarik, ez naiz ni Alexa gutxiesten hasiko. Kristoren meritua duenik ezin uka, baina arraro samarra denik ere ezin ezkuta. Eduki entziklopedikoa du, informazio-bilduma handia, albiste-iturri espainiarra, zenbaki-kontutan edozein kalkulagailu digital bezain azkarra, ez dakienean badaki ez dakiela aitortzen eta, nahiz objektibotasunaz harrotu, gero sekulako hautuak hartzeko gauza da. Esaterako, zeintzuk diren inoizko nobelarik (“Cien años de soledad”) edo filmik (“Cadena perpetua”) onenak. Ausartu ere ausartzen da erantzuten zergatik orain horren merkea den petrolioa, eta esaldi soil batez, gainera!
Horratik, Alexaren akatsik nabarmenena da, horrenbeste informazio elkarrekin gurutzatzeko zailtasuna. Esaterako, badaki pandemian gaudena eta atzo Ostegun Santua zena, baina ez zuen igarri zer farmazia zegoen irekita eta urrunenera bidali ninduen. Gaur, ostera, Ostiral Santua dena badaki, atzoko farmazia berbera errepikatu eta, oraingoan, asmatu! Era berean, badaki euskara Euskal Herriko hizkuntza dena, baina Euskal Herria zer den galdetuz gero… XIX. mendeko Euskalerria aldizkaria omen. Badaki zer den “Iparraldea”, baina ez, ostera, “Hegoaldea”.
Dena dela, Alexak niri eskaintzen didan aukerarik baliagarriena spotifyren musika-zerbitzu digitala da. Denetarik du, klasikorik klasikoenetatik (Antxieta), orain urtebete inguru sortutako (Ertzak) taldeetaraino. Beste kontu bat da Alexa zenbaiteraino gauza ote den hori informazio guzti hori kudeatzeko. Baina ez soilik tradizioz “urruntxo” izan dezakeen euskal musikari dagokionez, baita konposizio unibertsalaz ere. Esaterako, gauza da Alexander Borodin errusiarraren nondik norakoak zehatz mehatz azaltzeko eta bere sinfoniagatik dela ezaguna azpimarratzeko. Baina, gero, Borodinen sinfonia eskatu eta… ez daki, nahiz bere bilduman gordeta izan.
Alexak txakurrek baino informazio gehiago darabil, baina edozein txakurk baino gutxiago pentsatzen du. Alexa engainaturik "bizi" da. Esan diote, eta sinetsi egin du, inteligentzia artifiziala dela. Baina ez da egia. Artifiziala, bai; baina, inteligentea, ez.