Gutxienez etnografia eta kostunbrismoa
“En el límite del amor", Dylan Thomas poetaren bizitzaren inguruan burututako filma asteburu honetan estreinatu da euskal karteldegian. Asmo handiz hasi eta nora ezean, erdibidean, geratu ohi den horietakoa dugu. Historia egiazko gertakarietan oinarritua dago, nondik oratu ez zaie gerrari, amodioari, bekaitzari zein jelosiari falta, pertsonaiek aukera asko eskaini lezakete, aktore-aktoresen lana dezente ona (Sienna Miller indartsua gero) eta garaiko giroa, Galesko itsasaldekoa batez ere, bakan samarra ere bada. Baina, azkenean, ezer ez da erabat osatzen, borobiltzen, egituratzen; dena hanka motz geratzen da, antzu samar, ozta-ozta, larri-larri, nahi eta ezin… ezkontza galdutako bertsoa ezik, haria galdutako mataza bailitzan.
Dylan Thomasen biografia ez bada ere, gidoiak (egiazko protagonisten ilobaren eraginez burutua) batere gupidarik gabe tratatzen du idazlea. Sortzaileari, poetari edo artistari legozkiekeen emaria, sentimendua, maitasuna eta edertasuna ez dira inondik ere agertzen eta bai, ordea, haren berekoikeriak, bekaizkeriak, azpijokoak eta mendeku-gurariak nabarmentzen. Letratua izatea ez da kasu honetan arduraren, nobleziaren eta txukuntasunaren seinale, zabarkeriaren, axolagabekeriaren, inoren bizkar bizi nahiaren eta konpromisorik ezaren adierazgarri baino.
Zinegintzaren ipi-apak alde batera utzita, filmak hainbat bitxikeria nabarmentzen digu han-hemenka ia bi ordutan zehar, esaterako:
-- Zein gogorra izan zitekeen itsasbazterreko bizimodua Galesen non, Euskal Herrian ez bezala, joan-etorri demografikoak barrualderantza gertatu izan diren historian zehar.
-- Galestarren herriminaren nondik norako folklorikoa edo, hizkuntza galdu arren (Dylan Thomasi ez zioten gurasoek euren hizkuntzarik erakutsi) herri-kantak abestea beti ere gustuko dutelarik.
-- Aipagarri sexu-harremanekiko irekitasuna XX. mendeko bigarren eta hirugarren hamarkadetan. Bistan da galestarrak protestanteak direna eta ez katolikoak. Moral protestanteari datxekion bezala bekatu larriagotzat jotzea adiskideari gezurra esatea bere senarrarekin oheratzea baino.
-- Zein harrigarri egiten zaigun orain, jendea une oro eta edonon jo eta ke erretzen ikustea.
-- Ezohiko den bezala aspaldiko andrazkoak tabernan sartzea baina, hori bai, umeak atarian utzi ostean.
Hau guztiau gehiago da, jakina, etnografia edo kostunbrismoa Zazpigarren Artea baino, baina tira, besterik ezean…
Keira Knightley eta Sienna Miller