Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Artegintza hostorea egitea besterik ez da

Artegintza hostorea egitea besterik ez da

Amatiño 2024/07/05 08:40
Jesus Mari Lazkano (Bergara, 1960) artistak sarrera-hitzaldia egin du Euskalerriaren Adiskideen Elkartean (1), Donostiako San Telmo Museoaren areto nagusian izandako ekitaldian. Lazkano da, behar bada, gaur egun bizi diren artisten artean, euskal pinturaren ordezkaririk ezagunena nazioartean. Lazkanok biltzen ditu, beste inork ez bezala, teoria, praktika eta komunikazio-arloa.
Artegintza hostorea egitea besterik ez da

Akriliko galanta

Datorren urtean mende erdi beteko da, 15 urteko Jesus Mari Lazkano gaztetxoak bere lehen erakusketa azaldu zuenetik Bergarako Pol-Pol aretoan. Geroztik, Lazkano da EHUko Arte Ederretako Doktorea eta Pintura Sailaren Irakasle Titularra. Baita Jakiunde zientzia, arte eta letren akademiako kide ere.

Bere pintura-emaitza, ugaria eta anitza bezain aitortua da munduan zehar, Estatu Batuetatik Txinaraino, Europa osoan barrena. Gaztetandik zekarren mailaz laster asko jabetu zen Javier González de Durana kritikaria. Gogoratu besterik ez dago Bergarako semearena izan zela lehen “euskal artista gazteen bilduma arrazoitua” (1977-1988), euskal artista gazterik “etorkizun handienekotzat” jo baitzuten 28 urte besterik ez zituela. Ondoko hiru hamarkadetan Lazkanok erruz frogatu izan duen garapena, han hemenkako bekak, sariak, onespen arrakastatsuak, lan-eskaintzak eta argitalpenak, besteak beste. Baita Artiko dokumentala ere, 

Hain zuzen ere, Jesus Mari Lazkano artista eta irakasleak, pintatu ez ezik, idatzi ere ikaragarri idatzi du, burutu dituen hogeitaka idazlanak kasu, De la arquitectura a la naturaleza delakoaz hasi eta iazko !Maldita pintura! 1001 ideas para amarla y entenderla tarteko. Egoki eta zuzen idazten du, artez arte, gai konplexu samarrak ganoraz eta gogoz ulertzeko moduan. Elkartearen izenean harrera-erantzuna egin zion Sebastian Agirretxe ingeniari Adiskideak esan bezala, "Lazkano idazten ere hain ona da eze, nik ez dakidala idazten duen pintorea ote den, ala pintatzen duen idazlea”.

Estratigrafia de un proyecto creativo deritza Lazkano Adiskide berriaren sarrera-hitzaldiari. Alegia, pintatze-artearen nondik norakoan elkarrekin bilzen diren geruzei buruzkoa. Hau da, ustezko errealitatea, tokian tokiko kokapena, unean uneko argia eta ikuspegia, egilearen moduak eta iritziak, historia eta tradizioa, sakoneko arrakala, gainbegiratu orokorra… Dena elkarrekin eta aldi berean.

Ezertan ekin aurretik, aitzin-solasetan, ikusle batek izan zuen arte-egitasmoaren  estratigrafiak zer esangura ote zuen galdetzeko betarik. Baita Lazkanok hitz bakarrez laburtu eta adierazi ere: “hojaldrea”, hau da, hostorea. 

1) Euskalerriaren Adiskideen Elkartea

Lazkano. STM
Ezkerretik eskuinera; Jesus Mari Lazkano, Luis Elizegi eta Sebastian Agirretxe, San Telmo Museoan..
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: