Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Artecheren bizikleta

Artecheren bizikleta

Amatiño 2020/07/11 00:35
'Algunos domingos Julio (Beobide) y yo salíamos en bicicleta, él desde Zumaya y yo desde Zarauz, en giras artísticas, visitando iglesias para contemplar retablos y esculturas. Su descubrimiento de las posibilidades de la bicicleta fue tan tardío como entusiasta. En cierta ocasión marchó sólo desde Zumaya hasta Pamplona, donde vivía su hermano José María, famoso organista y compositor. Tenía Julio sus años cuando realizó esta buena marca de la que me hablaba con infantil gozo'. ("De Berceo a Carlos Santamaría". José de Arteche. Donostia, 1968).
Artecheren bizikleta

Beobide, Mari Paz Ibeas** marrazten.

José de Arteche idazlea zenak kontatzen du pasarte hau. Ez du zehazten zein urtetan izan ote zen baina, Julio Beobideri eskainitako artikulua 1965an idatzi zuen Artechek, zumaiar eskulturagileak 74 urte zituela, zendu baino lau urte lehenago. Nik behin edo birritan ikusi nuen Beobide, eta ezin gero sumatu hain gizon meharra, eta itxuraz ahula, bizikleta hartu eta Iruñerainoko joan-etorria egiteko lain izan zitekeenik. Artechek dioenez, Beobidek nagusitan deskubritu omen zituen bizikletaren egokierak. Horretatik sumatu dezakegu, behar bada, Arteche bera gaztetandik izan zela bizikletazale, are gehiago kontuan izanik  Beobide baino 15 urte gazteagoa zela.

Honelako hainbat anekdota bilbatzen ditu José de Arteche zenak bere “De Berceo a Carlos Santamaría” delako bilduman*. Guztira, bere garaiko berrogei inguru idazle, pintore, musikari, argazkilari, azterlari, ikertzaile eta intelektualen zertzeladak lotzen ditu, Iratzeder, Maragall, Marañon, Unzurrunzaga, Ansorena, Uranga, Ojanguren, Lekuona, Tellechea, Arrese, Michelena (Salbatore), Zumalde, Pelay Orozco, Grandmontagne, Ciriquiain-Gaiztarro, Zaragueta, Azaola eta beste hogeiren bat tarteko. Den-denak, gizonezkoak, Marie Noël olerkari frantsesa izan ezik.

Jose de Artechek, 1949tik aurrera Gipuzkoako Diputazioaren artxibozain eta bibliotekari izan zen aldetik, aparteko talaia izan zuen orduko giroa ezagutzeko eta denetariko solaskideak inguruan biltzeko, baita Gipuzkoako zenbait pertsonaia historikoren zabalkundea egiteko ere. Baina, bere kroniketan kontatzen duenez, ez zen Gipuzkoako Jauregian zain geratzen zirenetakoa, noiz jendea bertara joango. Esaterako, Beobide kasu, Arteche bera Zarauztik joaten zitzaion bizikletan Zumaiaraino, hainbat ordutan elkarrekin berriketan egite aldera.

José de Artechek hogeitaka liburu idatzi zituen. Bereak dira, besteak beste, Elkano (1942), Urdaneta (1943), Legazpi (47) edo Lope de Agirre, traidorearen (1951) bizitzak, nik Salgariren nobelak baino interes gehiagoz irakurri ahal izan nituenak, gure ama zenari esker. Nik Artecheri irakurri nion, estreinako, Elkano elefante-gainean Borneon sartu izana. Irudi hura (nire gisara, nire buruan irudikatua) ez zait sekula ahaztu. 

Ziur asko, objektiboki, Artecheren libururik sakonenak eta landuenak besteren batzuk izan ziren arren, ez ziren, orduko gazteen artean behintzat, lilurarik gehien sortarazi zituztenak. Artikuluak, berriz, bi mila inguru idatzi omen zituen gaztelaniaz eta berrehunen bat euskaraz, baina, tamalez, eraz eta moldez zaharkitu samarrak, nonbait, orduan euskal kazetaritza berriari ekin nahi genionontzat.

Gizon zaharra, aguretua-edo, iruditzen zitzaidan arren, nik orain baino hamar urte gutxiago zituen hil zenean (1971). Segurutik garaiak aldatu egin dira, seguraski Artechek ez zuen denean asmatu baina, horratik, auskalo orduko gazteak, oro har, ez ote ginen harroegiak eta krudelegiak. Nik gutun personal bat idatzi eta bidali nion etxera. Ez dut kopiarik gordetzen, ez dut zehatz gogoan zer esan nahi nion, baina badakit, nire ezjakinean, zer egin nahi nion: irakatsi. Eta, ez dakit bada, hogei urte adinik aproposena ote den, inori ezer irakasten hasteko. Zer esanik ez, Arteche bezalakoari. Bizikleta gainean ibiltzen, behintzat, ni jaio aurretik ikasia zen.

Arteche Acosta Valverde
José de Arteche, José Acosta (Luis de Andia) El Diario Vascoren erredaktore-burua eta Antonio Valverde (Ayalde) euskal margolari eta idazlea.

 *Molde berekoak dira, besteak beste, “!Portar bien¡" (1957) eta “El gran asombro” (1971) zeinetan, kazetari antzean, biltzen dituen Simón Arrieta, Montes Iturrioz, Francisco Escudero, Norbert Tauer, Antonio Valverde "Ayalde", Ignacio Zuloaga eta beste hogeitakaren gaineko iruzkinak.

** Mari Paz Ibeas, Juan San Martinen emaztea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: