Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Arriskutan jarri nahi duenak jaso beza eskua

Arriskutan jarri nahi duenak jaso beza eskua

Amatiño 2019/03/26 17:43
Beharbada ni kontserbatzailea naiz. Bapo. Demagun baietz. Baina honezkero lortutakoa galtzeko, edo arriskutan jartzeko, gertu dagoenak jaso dezala eskua.

Segurutik “kontserbatu” hitza ez da euskaldunok sarrien erabiltzen duguna. Hemen, gurean, inork ez du nahi kontserbatzaile izan edo, behintzat, kontserbadore moduan agertu. Denok omen gara berritzaile amorratuak, nahiz gero Europako hizkuntzarik zaharrena kontserbatu gura izan eta “izan garelako gara eta garelako izango dira” bezalako lelo kontserbatzaileak euskal merkatuan ikaragarri ondo saldu.

Herriek eta gizarteek iraungo badute, kontserbatu beharra ez dago zalantzan. Eztabaidatu beharreko bakarra omen da, zer kontserbatu eta zer ez. Adibidez Brexita dela-eta, inor ausartuko al litzateke esatera nor diren kontserbatzaileak –edo nor ez-- Ingalaterran, Eskozian eta Irlandan? Eta… Katalunian?

Orain hurrengo bildu berri dira Iruñean Akitaniako, Euskadiko eta Nafarroako lehendakariak eta elkarrekin osatzen duten euroerrejioaren aurrekontuak aurkeztu, kulturaz, ekonomiaz, lehiakortasunaz, iraunkortasunaz, nekazaritzaz eta bestez.

Ez dugu elkarren arteko egitasmo bateratuen garrantzirik gutxietsiko baina, nago, azpimarragarriena dela Garonatik Ebrorainoko lurraldearen nortasuna aitortzea eta orain arte lortutako auzolana defenditzea.

Badakit Bidasoaz hemendik eta handik indarrean dagoen orekak ez dituena guztion aldarrikapenak asetzen. Jakinekoa da zenbaitek urriegitzat jotzen duela eta beste hainbatek, aldiz, larregitzat.

Nik, txarrenean ere, badaezpada-edo, ez nioke dagoenari muzinik egingo eta bai, ostera, dagoena kontserbatzen ahaleginduko. Etorri daitekeena sumatuz, uste baitut, ezer mugitzen hasiez gero, arrisku handiagoa dagoela duguna galtzeko, ezer gehiago lortzeko baino.

Beharbada ni kontserbatzailea naiz. Bapo. Demagun baietz. Baina honezkero lortutakoa galtzeko, edo arriskutan jartzeko, gertu dagoenak jaso dezala eskua.

EUSKADI IRRATIA – Albiste Faktoria

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: