Arriskuak hartzea ez dago modan
Aurreko ostegunean ia ehun teknologo, ikertzaile, irakasle, berritzaile, ekintzaile eta enpresari elkarrekin bildu ziren Zamudioko Teknologia Parkean, enpresa-ekintzailetza (enpresa eta egitasmo berriak sortzeari ekin nahi izana) zertan den aztertu eta eztabaidatu gurarik.
Datua datu, ezertan hasi aurretik, egungo abiapuntua bat baino ez omen da: berritzaileak gara edo izan nahi dugu, baina beldurra diogu arriskuak hartzeari. Beste modu batez esanda, denok gara artistak, denok ditugu kristoren ideiak eta mundua eraberritzeko gertu gaude, baina dirua, kudeaketa, lan-harremanak eta erantzunkizuna beste norbaitek jarri ditzala, beste ezertarako balio ez duten mozolo alu horiek nonbait.
Bi belaunalditan erabat aldatu da egoera. Gure aurrekoak langile amorratuak ziren, jantziagoak adorez, gurariz eta ekimenez, hezkuntzaz eta jakinduriaz baino; baina, barrena, bi gauzatxo zekizkiten: batetik, zer galdurik ez zutela eta, bestetik, eurok egin ezean, beste inork ez ziela egingo.
Gaur egungoaz zer esan, ordea… Seguru gero gazteen egoera ikaragarri zaila dela eta etorkizuna, berriz, benetan latza. Baina, aldi berean, egia ere bada, antza, ez dela orain bizpahiru belaunaldi bezain behartsua. Ez daude nonbait erreakzionatzeko bezain txarto. Hau da, oraindik ere, nolabaiteko sarea bide dute.
Joera hau aldatuko ote den? Zalantzarik ez gero, baietz. Egoerak barrena jotzen duen unean euskal gizarteak arriskuak hartzeari ekin beharko dio berriro ere. Egitasmoak indarrean jartzeari, enpresak eragiteari, lanpostuak sortzeari.
Noiz? Gutxieneko sarerik gabe geratzen garenean. Edo lanpostu-sortzailearen ekarpena sekulako ideia berritzaileak dituenaren beste baloratzen dugunean.