Arregik oraintxe erosiko luke
Zer ote lehenago, arrautza ala oiloa? Izuak dakar beherakada ala beherakadari dario izua? Batek daki baina, zer gerta ere, ez dugu sekula jakingo jendea bat-batean izutu ote den ala zenbaitek ahalegin bereziak egin dituen jendea beldurtzeko. Garbi dagoena zera da, gainbeherakada honek hauteskundeetan ari den eskuinari egiten diola mesede. Ipar Ameriketan bai omen. Baina, Ipar Ameriketan soil-soilik?
Zenbaitek uste baino hiritar gehiagok ditu bere aurrezkitxoak burtsan. Zer egin orain? Ni ez naiz inondik ere aditua eta, horretara, are gutxiago aholkularia, baina burtsan dirurik duten aurreztaile txikiei betidanik eman izan zaien oinarrizko mezua Loiolako San Inaziorena da: “Estualdian ez aldaketarik egin”. Beraz, geldi, lasai, iso, mendebala pasatu arte. Pasatuko da-eta, goiz nahiz berandu, berandu baino lehen behar bada, Ipar Ameriketako hauteskundeak amaitu ondoren edo, segurutik.
Dena den, egia da, bai, ez dela ezer saltzeko garaia, baina egia ere bada, dirurik izanez gero behintzat, orain dela inbertitzeko unerik egokiena. Juanito Arregi enpresari arabarrak esan ohi zuenez: “Merke danean erosi eta garesti danean saldu”.
Juan Arregi
Juan Arregi Garai zena (Aretxabaleta, 1907 – Gasteiz, 1999) ia laurogeita hamar urte zituela elkarrizketatu nuen nik, oraindik ere buru argi askoaz lanean ari zela. Don Juan aurreko mendean Arabak ezagutu zuen enpresaririk eragileenetakoa izan zen. Gure Juanito lau pasio handiren jabe izan omen zen: lana, ehiza, Alavesa eta emakumeak.
Gipuzkoako Aretxabaletan jaioa, Gasteiza joan zen gazterik eta hogeitaka enpresa sortu zituen bertan: Forjas Alavesas, Esmaltaciones San Ignacio, Acesa, Herramientas Arregui etab. Ez omen zuen sekula langileekin arazorik izan, bera “ugazaba aurretik bihargina izandakoa” zelako. Zertan ote zen bere arrakastaren giltza edo maratila galdetu nion behin eta apal asko erantzun: “Erreza, gauzak merke dagozenean erosi, eta garesti dagozenean saldu”. Eta ez da esaera hutsa. Gasteizen gremio guztiek zekiten Arregirenean makina-erosketak, eraberrikuntzak eta inbertsio handiak krisialdian egin ohi zirela, merkealdietan alegia.
Bost bider izan zen Deportivo Alaves-aren presidente, eta denetan kargutik aldegin izan zuen zorrak kitatu ostean. Azken aldiz, 1989tik 1998ra bitartean izan zen lehendakari. Hirugarren mailan hartu (2. B) eta lehen mailan utzi zuen talde zuri-urdina. Lehendakari fina ezezik, baita eskuzabala ere: Ibaiako entrenamendu-instalazioak berak Alavesari musu-truk emandako lur-sailetan eraiki ziren.
Ehiztari amorratua, safarizale handi izan genuen. Bere bizitzan zehar 102 elefante ehizatu omen zituen. Gaur egun San Mamesen dagoen lehoi disekatua ere Arregik berak hildakoa da eta Athletic-i opa izana.