Arrazoi bila
Amatiño
2013/02/19 23:55
Garikoitz Aspiazu “Txerokik” esan omen du, gatazkan inolako ardurarik izan gabe ETAren ekinbidearen ondorioz kaltetuak izan diren herritar guztiei eragindako kaltea sentitzen duela. Ondoko iritziak denetarikoak izan dira. Zenbaiten ustez adierazpen hori “urrats bat ” da, “positiboa”, “oso garrantzitsua” eta "norabide onean". Beste hainbatentzat , ordea, “miseria etikoa eta morala”, "lotsagarria", "onartezina" eta “lekuz kanpokoa". Nork du arrazoia?
Demagun azal zuridunen nagusitasuna aldarrikatu izan duen xenofoboa atxilotua dagoela eta, halakoren batean, bekatari gisa, aitortzen duela: “kolore guztietako denei eragindako kaltea sentitzen dut… beltzei egindakoa izan ezik”.
Zenbaitek adierazi ahal izango luke adierazpen hori “urrats bat” dela, “positiboa”, “oso garrantzitsua” eta "norabide onean".
Beste hainbatek esan ahal izango luke, ordea, “miseria etikoa eta morala” dela, "lotsagarria", "onartezina" eta “lekuz kanpokoa”.
Esanak esan, nork izango ote luke arrazoia?
Sarritan, ia-ia beti, elkar ezagutzen ez duten soldaduek beren parean dituzten soldaduak hiltzen dituzte “Goikoen” aginduak jarraituz. Oro har, gerra guztiak pizten dituen sukarria dirua izaten da, batzuetan, erlijio zioez, besteetan Aberriaren banderaren kolore ederrez mozorroturik baina, beti beti, agertzen zaizkigu dirua eta boterea uzkurtuta ilunpean.
Zaharra naiz eta, oraindik, ez dut inoiz entzun gerra bateko alderdi garaile batek barkamena eskatzea gerra honekin zerikusi ez zutenei egindako minagatik. Hemengo gerra krudela eta odoltsua izan zen, inon izan bazen. Pentsa, 1.000.000 hilik hiru urtetan! Zenbat soldadu hil ziren, zenbat zibil? Ez dakit. Nork eskatu zuen barkamena? Inork ez!
Galdera bat: orain desagertzear daudenek irabazi izan balute, zenbat busto eta zenbat kale ez ote litzaieke eskaini haien balentriak goraipatzeko!
Bat nator “Txeroki”ren adierazpenak kritikatzen dituztenekin, ezin da bereizketarik egin biktimen artean, baina, ez alde batekoekin eta ez bestekoekin ere. Gerra batean denak gara biktimak eta!!!