Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Arrautzen oiloa jaten ari

Arrautzen oiloa jaten ari

Amatiño 2023/04/15 23:30
Euskal Autonomia Elkarteko Industrian lan egiten zuten langileak %30 ziren 2000 urtean; %25, 2008an. eta %19,9 baino ez, 2022an. Alemanian, berriz, %27. Hain zuzen, Eustat-ek jakinerazi berri duenez, une honetan 192.000 inguru dira Euskadiko industria-arloan diharduten langileak, sektore publikoan ari direnak honezkero 153.000 diren artean. Sekula ez dira bi kopuruok horren parekatuak izan.

Hainbatek uste izango du, berdin samarra dela sektore batean edo bestean lan egitea, lanik falta ez den bitartean. Bizirauteko, behar bada, bai; egungo mailari eusteko, ordea, ez. Zorioneko Kontzertu Ekonomikoak indarrean iraungo badu, euskal ekonomiaren sarrerek gastuak baino handiagoak izan beharko dute.

Eta ez pentsa kontrakorik ezin izango denik inoiz gertatu. Esaterako, gaur egun, foru-sistemaz kanpoko 15 espainiar autonomiei kupoaren sistema ezarriko balitzaie, Madrilek, Balear Uharteek eta Kataluniak (ordena honetan) baino ez lukete saldo positiborik izango, euren kasa bizitzeko lain, alegia. Beste 12 autonomiak Estatuarekin zorretan bizi dira.

Ez dut uste jabetzen ari garenik, egungo ongizateari eusteko (ekonomiaz, zerbitzuez, kulturaz eta hizkuntzaz) beharrezko izango dugula Kontzertu Ekonomikoa. Eta ez duela Kontzertu Ekonomikoak irauterik izango, baldin industriak behera eta administrazio publikoak gora egiten jarraitzen badute.

Badakit zenbait “modelnok” nahiago lukeena industria gutxiagoko gizartea, nahiz, gero, soldatak aipatzerakoan industriarenak erreferentziatzat hartu. Egia ere bada, zenbaiten ustez industriaren beherantzako joera (zerbitzuen mesedetan, esaterako) normala, logikoa eta garai berrien ezinbesteko ondorioa besterik ez dela. Bai, baina Alemaniak bi urte, jarraian, daramatza industria ekoizpena gehitzen.

Eibarko industriak sekula behera egingo ez zuela uste izan zuen belaunaldikoa natzaizue. Ez dakiola, gero, Euskadi osoari antzerakorik gerta, administrazio publikoak dena ordain dezakeela uste duen belaunaldia ere zahartuko baita, berandu baino lehen.

Bai, jaioko dira berriak. Baina, zer esan... jaioko ez balira?

Datu esanguratsuak

Azken hiru hilabeteotan (abendua-urtarrila-otsaila) 82 lagun hil dira Eibarren. Jaio, ostera, 46 eibartar baino ez. Eta jaioberrien artean, hemezortzi haurri (%39) euskal izena jarri diote, zortziri (%17,4) nola-halako izen europarrak. Gainerako hogeiei (%43,6), berriz, Afrika eta Ekialde Hurbilekoak.

Ez naiz esaten ari datu onak edo txarrak direnik, direnak direla baizik.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: