Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Arrakasta

Arrakasta

Amatiño 2023/11/17 09:00
Zer ote arrakasta? Unean uneko azenarioa ala ibilbide luzearen ondorioa ote? Garbi bide dagoena zera omen: oxigenorik gabe bizi izaterik ez dagoenez, beti ere behar-beharrezko dela behin gailurra gaindituz gero behera jaistea, oxigenatze aldera baino ez bada ere.

“Arrakasta” (Jasone Osoro, 2023), eraz, kazetariak idatzitako saiakera da eta, moldez, bektore biren arteko gurutzegrama. Bektore horietako baten barrena abian dira zortzi gai zehatz: haurtzaroa, izaera, aliantzak, kritikak, sabaiak, sormena, porrota eta arrakasta. Eta beste bektorean, berriz, zortzi arlo horietaz Osorok  elkarrizketatutako hamar lagunen erantzunen laburbilduma. Alegia: Joxe Mari Agirretxe “Porrotx” pailazoa, Eneko Atxa sukaldaria, Harkaitz Cano idazlea, Eva Domingo eta Maider Egues kazetariak, Jon Garaño zine-zuzendaria, Aizpea Goenaga antzerkilaria, Markel Irizar txirrindularia, Itziar Ituño aktorea eta Gorka Urbizu musikaria.

Jasone Osorok ez du, ordea, bere burua hamarron iritzi eta ibilbideetara soilik mugatzen. Harago joaten badaki, han-hemenkako beste zenbait iturriren nahiz pentsalariren erreferentziak aukeran biltzen asmatzen du, bere kasako oroitzapenak ezartzen eta  maisuki bilbatzen zein azaltzen, beti ere Patxi Ezkiaga zenak iradokitako baliabide-ekonomiaren lezioa (1) ahazteke.

Auskalo zer ote arrakasta, besteak beste ez bai baitago arrakasta-mota bakarrik, jendaurrekoa ala barne-muinetakoa, esaterako. Baina Jasonek berak, saiakeran bertan ez ezik, ETBko “Biba zuek” programan ere azpimarratu bezala (2), zer gerta ere, arrakasta altuegi dago bertan luzaro iraun ahal izateko. Behin goia hartuz gero, beti ere komeni gailurretik zertxobait jaistea, nork bere burua oxigenatzeko, goregi ez dago-eta behar bezain ondo arnasa hartzerik, luzaro behintzat.

Korolario gisa, arrakasta, literatura bezala, icebergaren parekoa omen: “Izozmendi baten tontorrean idatzitako hitza, aldaera desberdinak dituena, ertzez betea dagoena, argi-ilunez, labainkorra eta itsaskorra, ispilua, amildegia. Horixe da arrakasta, ikusten dena baino askoz ozeano zabalagoa, bere baitan hamaika hitz batzen dituena”.

Gustura eta erraz asko irakurtzen den liburua, ekimena, autoezagutza, erreferentziak, bidelagunak, proporzioa, oreka eta armonia ia-ia esan beharrik gabe ere proposatzen dituena.

Jasone bera ere ez da, nonbait, eredu txarra. Balirudike hitz egiten eta idazten duela, gailurra gainditu ostean jaitsi eta barrenean kokatzea erabaki duen mendigoizalearen patxadaz eta argitasunaz, saiakera formula ibiltari kementsuen mendilerroetatik beheratu eta herriko plazako paseatzaileen alturan jarriz.

1) Harrigarria, gero, kazetariak poetarengandik ikasi behar izatea baliabide-ekonomiaz.

2) Enrique Bumbury kazetariaren proposamena.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: