Arnasa hartu eta putz egin, biak batera ezin
Museo-esparrua Eduardo Chillida eskultoreak ireki zuen 2000 urtean, Zabalaga baserriaren inguruan, bere obrak bildu eta jendaurrean azaltzeko. Artista, urte bi geroago hil zen, eta, krisialdi ekonomikoarekin batera, familiak museoa itxi behar izan zuen, 2010 urtean. Geroztik, sei urtez erakundeekin negoziaziotan aritu ondoren, iaz, Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak ezezkoa eman zion Eusko Jaurlaritzak eta chillidatarrek onartutako salerosketari, Gipuzkoak beste hainbat lehentasun zituelakoan.
Oraingoan, berriz, Chillida familiak nazioarteko galeria ezagunarekin sinatu du ituna, zeinetan erabakitzen den ertilan-elkarte suitzarra museoaren kudeaketaz arduratuko dela, Chillidaren obrak munduan barrena azalduko eta, trukean, beste zenbait artistaren lanak Chillida-Lekuan bertan agertaraziko.
Ondorioz, arnasa hartu beharra sentitzen zuten guztiak poztu egin dira. Bingen Zupiria Kultura Sailburua, pozik, Jaurlaritza betidanik izan delako irekitzearen alde. Denis Itxaso Turismo Diputatua, pozarren, inork baino hobeto bai baitaki, Gipuzkoako Turismoak Kontxa hondartza eta pintxorik onenak baino zertxobait gehiago behar izango duela gainari eusteko. Eneko Goia, donostiar alkatea, lasai, iaz, Donostia Europako Kultura-hiriburua zela-eta, museoa ireki ezinik pasatu behar izan zuen lotsaren ondotik; Chillida familia ere lasai, aitaren arte-ondareari aterabide aproposa aurkitu zaiolako; eta, are lasaiago, arnasberritua, Markel Olano, inori gustatuko ez litzaiokeelako historiara pasatzea, Chillida-Lekuaren bideragarritasunari muzin egin zion Diputatu Nagusi moduan.
Agerian zalantzaren bat adierazi duen bakarra, Gasteizko Atrium museoaren zuzendaria izan da, gazi-gozotzat jo du-eta lorpena. Gozo, azkenean museoa irekitzea onuragarri delako; eta gazi, Chillidak ez zuelako museo hori eragin inoren obrak erakusteko; eta, gainera, aukeran, beti ere hobea izango litzatekeelako Chillidaren eskulturarik esanguratsuenak bertoko herri-erakundeen eskutan geratzea, munduan zehar saltzeko arriskutan jartzea baino.
Baina hau, mundializazioari eta euskal ekimenen kudeaketaren nazioarteratzeari darien aje orokorra da. Arte-lanetan zein industrian izan, ezinezko dena zera da: baliabideak kanpokoen eskutan jarri eta erabakiak etxean hartzen jarraituko direla uste izatea.
Esaera zaharrak dioenez, “arnasa hartu eta putz egin, biak batera ezin”. Baina, hasteko, Chillida-Lekua berriro zabalduko da eta gero... gerokoak.
EUSKADI IRRATIA. Albiste faktoria