Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Armagintza, mugatik urruti hobe

Armagintza, mugatik urruti hobe

Amatiño 2013/03/21 23:55
Geografiak eta mugaldeek eragin nabarmena dute industria estrategikoen garapenean. Debarroko zein Eibarko bertako historia aztertu besterik ez dago. Hirugarren Karlistaldiaren (1872-1876) ondotik, lau mendetan (1482*) barrena Eibarren loratutako gerra-armagintzak espainiar gudarostearentzat lan egiteari utzi behar izan zion.

Indonesiako Lion Air aire-konpainiak A320 motako 234 hegazkinen eskaria egin berri dio Airbus enpresari. Guztira 18.400 milioi euroko eskabidea. Hegazkintza zibilean sekula egin denik handiena. Albiste ona Okzitaniarentzat zein Euskal Herriarentzat. Bai uste baino gehiago direlako Frantziako Tolosan lan egiten duten Iparraldeko euskaldunak (baxenabartarrekin zein zuberotarrekin euskaraz egina nago ni  lantegian bertan), bai Hegan euskal klusterreko hogeitaka enpresak jardun ohi dutelako Airbus-entzat.

Bitxia da gero Europako (eta munduko) hegazkin-lantegirik handienaren kokapena. Paristik 700 kilometrora, Pirinioen magalean, industria-tradizio handirik gabeko Midi eskualdean.

Tolosako kokapena erabat estrategikoa bide da. Erabaki politiko hutsa. Bi mundu-gerra  jasan ostean, gobernu frantsesak erabaki omen zuen hegazkin-faktoria Belgikako eta Alemaniako mugetatik ahalik eta urrutien kokatzea.

Eta ez gero pentsa honelako erabakia erabat berria zenik. Geografiak eta mugaldeek betidanik izan dute eragin nabarmena industria estrategikoen eta armagintzaren garapenean. Hain zuzen ere, gure Debarroan bertan, urrutiago joan beharrik gabe. Esaterako…

Konbentzio Gerran (1793-1795) armada  frantsesa  Gipuzkoan barrena arras erraz sartu,  Soraluzeko Errege Arma Fabrika geldiarazi (756 armagin) eta Eibar birrindu ostean, espainiar gobernua jabetu zen Debarroa uste baino hurbilago zegoela Bidasoako mugatik eta Oviedon sortarazi zuen errege-lantegi berria, Soraluzekoaren kaltetan.

Ildo beretik, hirugarren Karlistaldiarekin (1872-1876) batera Estatuak sumatu zuen ez zitzaiola inondik ere komeni gerrako arma-industria indartzerik beti matxinatzeko gertu bide zegoen herrialdean eta, berriro ere Oviedoko lantegia sustatzeaz gainera, nahiago izan zuen armak atzerrian erostea, Debabarrenako tailerrei lana ematea baino.

Erabaki pare honek ez zuen, hasieran behintzat, Debarroko arma-sektorea hondoratu baina bai, ordea, bezeroz aldarazi. Hau da, XV. mendetik hasita lau gizalditan zehar Eibarraldean garatua zen gerratarako armagintzak espainiar gudarostearentzat lan egiteari utzi behar izan zion eta merkatu zibilari begira jarri, XIX. mendetik aurrera guk geuk bertatik bertara ezagutu izan dugun eskopeta eta pistolagintza kasu.

Mugaldean, matxinatzeko erraztasunaz... industria estrategikorik bai ote? Ulertu nahi duenak uler dezala.

Armak 1902

Kanoigintza, 1902an.

* Eibarko armagintzaren daturik zaharrenetakoa 1482koa da. Urte honetan "bonbarda" handi bi egin ziren. Galant samarrak, antza, laurogei idi-pare behar izan baitziren Debako itsasertzeraino eramateko


Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: