Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Armaginak, kamarero

Armaginak, kamarero

Amatiño 2010/11/07 15:57
Ez pentsa Enkarterrietan gertatzen ari dena, Enkarterrietan baino ezin denik gertatu. Debabarrena eta Eibarraldea ez dira aspaldiotan industria berriak sortzeko habiarik aproposenak. Industriarik ezean supermerkatuz, hiperrez eta saltoki handiez jantzi zaigu herria eta, gaur bertan egunkariak dakarrenez, makrosagardotegia irekiko da Eroski ondoan. Ni gaztea nintzela, hor bertan, SKF ireki zen Lambretta ondoan. Bostehun urteko industria-tradizioa ari zaigu emeki-emeki hanka egiten.

Atzo, larunbatez, “Enkarterriak badu industria-etorkizunik” lelopean, hainbat ibilaldi, manifestazio eta elkarteratze izan zen Gueñes eta Zalla aldean, zenbait alderdik, sindikatuk eta ehundaka herri-elkartek deituak. Denok, nola hala,  helburu bakar batez: eskualdearen berrindustriatzea aldarrikatu nahia.

Egoera ezin larriagoa da Enkarterrian. Azken urteotan zortzi enpresa esanguratsu itxi dira, beste sei ixtear omen daude, eta indarrean jarraitzen duten beste hogeita bost lantegitan murriztu egin dira lanpostuak. Laburbilduz, 34.000 biztanle bizi diren eskualdean --bederatzi milaren bat familia-- 3.000 lanpostu inguru galdu dira eta beste horrenbeste galtzeko arriskuan omen.

Jendea beldur da martxa honetan ez ote den nolabaiteko “basamortu industrialik” jazoko. Sindikatu-ordezkariak esan bezala: No pervive el mueble y hay una gran debilidad estructural en el tejido industrial existente sustentado en el papel y en las empresas químicas y metalúrgicas. Todo esto repercute de manera muy negativa en el sector servicios. Ondo dago hau jakitea, ze hainbatek uste baitu industriarik eza zerbitzu sektoreaz ordezkatzearekin konpontzen dela, eta kitto. Don’t worry be happy.  Baina, egia besterik da: gurean behintzat, industriarik ezak zerbitzuen murriztapena eragiten du, lekuan lekuko aberastasuna gutxitu, belaunaldi berrien aukerabideak moztu eta, ondorioz, berandu baino lehen, lan bila bertatik alde egin beharra erakarri.

Zalantzarik ez gero ezin dela industria bestelako balore guztien gainetik jarri eta ez dagoela industria edozein preziotan defenditzerik, baina egia ere bada Euskal Herriak nekez jarraitu ahal izango duela aurrera, industriaroa gainditu beharreko garai historiko zaharkitutzat jotzen duen artean.

Euskal Autonomia Erkidegoak ez du egun lehengairik (meategiak),  lehen sektorerik (arrantza eta nekazaritza), turismorik (ondarea, eguzkia eta elurra), zerbitzurik (logistika), ikerkuntzarik (unibertsitatea) edo talenturik (artea, kultura eta hizkuntza), industriari muzin egiteko lain. Besterik ezean, gustuko edo ez, gaur gaurkoz, gure oraina zein etorkizun ertaina industrian oinarritzen dira.

Zilegi da, bai, industria uxatzea baina ez da inondik ere zentzuzko industriarik ezari industriaren lanpostuak eta herri-etekinak eskatzea. Ondo dago basamortu industrialaren arriskua salatzea, baina zatia hobeto legoke indarrean dagoen industria aldez aurretik  zaintzea.

Eta, badaezpada, ez gero pentsa Enkarterrietan geratzen ari dena, Enkarterrietan baino ezin denik gertatu. Debabarrena oro har eta Eibarraldea bereziki, ez dira aspaldiotan industria berriak sortzeko habiarik aproposenak. Industriarik ezean supermerkatuz, hiperrez eta saltoki handiez jantzi zaigu herria eta, gaur bertan egunkariak dakarrenez, makrosagardotegia irekiko omen da Eroski ondoan. Ni gaztea nintzela, hor bertan, SKF (errodamenduak) ireki zen Lambretta ondoan. Bostehun urteko industria-tradizioa ari zaigu emeki-emeki hanka egiten.

Martxa honetan... armaginak, kamarero. Gora gu eta gutarrak.

 sellos

Eibarko arma-zigiluak

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: