Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / "Hazia", Arizmendiarrietaren omenez eta gomutaz

"Hazia", Arizmendiarrietaren omenez eta gomutaz

Amatiño 2022/11/27 21:30
Arrasaten eta Bilbon aurkeztu ostean, bart heldu da “Hazia” musikala Donostiara. Ez da Kursaala betetzeko gai izan, bai, ordea, bertan bildutakoak pozarren asetzeko lain. Nago, badela euskal gizartean Arizmendiarrieta zena sekula ahaztuko ez duenik eta, aldi berean, nor izan ote zen ere ez dakienik. Ezustean, bietakoak izan nituen ezker-eskuin. Eta biak urbitsetan. Ez da gero gutxi.

Ezkerrean egokitu zitzaidan On Jose Maria Arizmendiarrietarekin batera, albotik albora,  lan egiteko aukera izan zuen arrasatear jubilatua, sekulako zirrara begietatik zeriona. Eskuinean, aldiz, Markinako abadea apaiz gipuzkoar arrunt samarren bat izan ote zen susmoa baino ez zuen gaztea, “lehengo garaietako beste bat gehiago-edo”.

Panorama erabat aldatu eta aho zabalik geratu zen, ordea, Arizmendiarrietak (Arkaitz Gartziandia) bizkaieraz egiteari ekin zionean, Gasteizko apaiztegian Manuel Lekuonaren zein Jose Migel Barandiaranen ikasle izan zela entzun eta, gerra-denboran, Euzkadi egunkariaren itzultzaile eta Lauaxetaren lankide izana jakin ostean. Ondoren, Mediterranioa deskubritu zuen, antza, ULGORen nahiz Lankide Aurrezkiaren sorreraz eta harako “haziaren” nondik norakoaz jabetzen hasi zenean.

Entzutekoa, berriz, ezker-eskuineko solasaldia atseden-orduan. “Baina hau... zenbateraino da egia eta zein neurritan fikzioa?” zioen nire eskuineko gazteak, bere burua nonbaiten kokatu gurarik. Eta ezkerreko esperientziak erantzun, ostera, adurra zeriola: “Bai, bai, dan-dana bene-benetakua. Don Camilo, farmazeutikia eta bestiak… nik neuk ezautu nittuan guztiak”.

Zernahi zelarik, kontua da, arrazoi batez zein bestez, biei ikaragarri gustatu zitzaiela. Niri, ordea, ez horrenbeste. Behar bada, ez naizelako ez arrasatearra eta ez kooperatibista erretiratua, eta mugimendu mondrautarra ezagutzeko abagunea izateaz gainera, besteak beste, Gorroñogoitia, Larrañaga eta Ormaetxea elkarrizketatzeko aukera profesionala izan nuelako aspaldi. Antzerki-argiak ez dira haien distira berekia lausotzeko bestekoak.

“Hazia”, On Jose Maria Arizmendiarrietak eragin zuen Arrasateko kooperatibismoaren musikal hagiografiko bezala, ederto baten dago. Merezi du, zor zaio, zilegi zaio eta primeran dagokio. Ikuskizun moduan, ordea, oso da ekoizpen txepel samarra, non onenak diren talde-pasarteak (musikari eta dantzariak, gehienbat) eta bakarlarien lana, aldiz, oro har, borondate borondatetsua baino ez.

Gontzal Mendibilen lan galant eta kementsua ez dago zalantzan baina, agian, dena ere, berdintsuegia. Ildo beretik, bi ordutik gora dirauen edozein ekitaldik luzeegitik du arrisku askotxo, are gehiago kontuan izanez gero zenbait lelori eta errepikapeni onurarik baino ez lekarkiekeela, errukirik gabe, zindo laburtzeak.

Lastima, gero, amaiera belaxka, serafiko eta indargea, moja-komentuko agurra bailitzan, firin-faran, pazko-erramu eta guztikoa. Nire ezkerreko jubilatuak odol gehiago zuen oraindik ere, eta eskuineko gazteak gehiago itxaro zukeen. Amaierako flash izartsuren baten faltan-edo geratu ginen, denok ere.

Hazia

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: