Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Arima eslaviarra eta Txaikovski

Arima eslaviarra eta Txaikovski

Amatiño 2010/04/18 10:35
“El concierto” filma berriketabako ordu bi arrapaladan pasatzeko abagune mortala da. Zine-mota guztien gainetik eta artegintza guztien azpitik, ez dut inondik ere uste gure ingurune honetako kultura-eskaintza aukera hau baztertzeko bezain oparoa denik. Ez du sexurik, ez indarkeriarik, ez gudarik, ez gatazka latzik… arima eslaviarraren jokamolde tragikomikoa besterik ez. Eta Txaikovskiren biolin kontzertua, jakina.

le-concert_melanie-laurent

                                                           "Le concert". Mélanie Laurent

“El concierto” da, ziurrenik, egunotako zine-karteldegian dagoen filmik entretenigarriena. Era bateko zein besteko zinezaleak hor ari dira sekulako eztabaidan, pelikula ona ala txarra den, komedia ala melodrama, sinesgarria ala arlotekeria hutsa, aktoresa frantsesa (Mélanie Laurent) hotza ala beroa ote etab. Auskalo gero baina, edozein modutan, nik aitortu beharrekoa zera da: ez dudala aspaldian zinean horrenbeste barrerik egin eta, behar bada, ezta sekula horrenbeste negarrik ere. Badakit, bai, zaharrok hipokanpo irristakorra duguna –erraz hunkitzen garena, alegia--  baina ez dut uste –ez nuke uste izan nahi behintzat-- arrazoia adin-kontua denik.

Filmak hasiera mundiala du eta amaiera, berriz, negar-malkoak xurgatzeko baino azkarragoa. Mutur batetik bestera, irripar asko, negar-zotin ugari, algara dezente eta, beti ere, musika eslaviar zoragarria tarteko eta Txaikovskirena nagusi.

Benetako gertakarietan oinarritua, nonbait, istorioa hainbat errealitate eta giro ezagunen  etenik gabeko kritika latza da, hasi eta buka: komunismoa, kapitalismoa, jauntxokeria, ustelkeria, herrikoikeria, ardurarik eza… dena da gero kritikagarri eta maiseagarri, zer gerta ere zailtasun eta eragozpen guztien gainetik dagokeen parerik gabeko arima eslaviarra edo izan ezik.

Zuzendaria, Radu Mihaileanu, guztiz ezezaguna, komunismotik ihes egindako errumaniar atzerriratua dugu. Iheslari izate honek filmaren subjektibotasuna adierazten du segurutik, baina baita sinesgarritasuna –edota lekukotasuna gutxienik-- areagotu ere. Zentzu beronetan, film-ekoizpena frantziar-belgikar-errumaniar-italiarra denez gero –zenbait aktore-aktoresa eta kanpoalde errusiarrak izan arren--, ezinbesteko galdera zera da: pelikula hau Moskun ikusi al dute?

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: