"Argindartegi" berriak, abian
Segurutik “iraultza” hitz potoloa da baina ez naiz ezer asmatzen ari, azken hogeita hamar urteotan gas-hornikuntzaren inguruan gertatutakoa berriro ezagutuko ote dugun itxaropenetan baizik. Gogoratu dezagun 1982an Eusko Jaurlaritzak EVE-EEE (Energiaren Euskal Erakundea) sortu zuela eta azken hiru hamarkada honetako energia-estrategiaren oinarriak martxan jarri.
Ekimen pribaturik ezean kapital publikoak etorri behar izan zuen herriz herri gas-hodia zabaldu eta etxerik etxe zerbitzua eskaini ahal izateko. Hogei urte geroago (2003) Jaurlaritzak gas-ondarearen %65 saldu zuen 537 milioiren truke eta aurten, berriz, %25 saldu du 532 milioitan. Hau da, hogeita hamar urteren bueltan sekulako sarea barreiatu, hiritarrei zerbitzua eskaini eta mila milioitik gora bildu.
Auskalo zer gertatuko ote den hurrengo urteetan baina, gasaren eredu beretik gertatzen baldin bada, 2.040 urtean ibilgailu elektrikoa erabat arrunta izango da, Eusko Jaurlaritzak bere partea (%50) saldu ahal izango du eta inbertsio guztia berreskuratu ezezik, baita etekina lortu ere Herri Ogasunaren mesedetan.
Orain hogeita hamar urte ez bezala, Eusko Jaurlaritzak hasiera-hasierako inbertsioan parte hartzeko gertu dagoen kapital pribatuaren laguntza aurkitu du, egungo Euskal Autonomia Erkidegoa 1982koa baino sinesgarriagoa delako ziurrenik, gasaren esperientzia onuragarria izan delako eta enpresa pribatuen arteko lehia orduan baino zorrotzagoa delako.
Eusko Jaurlaritzak ez dauka ez argindarrik, ez gasolindegi-sarerik. Horretara, teoriaz, barrena aukera bi zituen. Batetik, argindar konpainiaren batekin hitzartu eta “argindartegi” (gasolindegi elektrikoak) berriak jarri. Edo, bestetik, aldez aurretik sarea duen petrolio-konpainiaren batekin adostu eta argindarra merkatuan erosi. Bistan denez, Energiaren Euskal Erakundeak bigarren bide honetatik jo du. Hogeita hamar urte barru hitzegingo dugu.
Josu Jon Imaz eta Jose Ignacio Hormaetxe, Repsol Energia Berriak eta EEEren zuzendariak, "Ibil" sortzegunean