Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Argindarraren zorra

Argindarraren zorra

Amatiño 2011/02/03 23:30
Espainiar merkatuko kontsumitzaileak ez du argindarra balio duen beste ordaintzen eta, gainera, banaka batzuek edo izan ezik, jenderik gehienak ez daki behar baino gutxiago ordaintzen diharduenik, zorra bere bizkar handitzen ari denik alegia. Argindar-kostuaren eta ordain-fakturaren arteko bitartea 14.000 milioi eurokoa da. Hau da, batez beste, espainiar familia bakoitzak mila euro inguru zor du argitan. Eta ez daki.

Oro har, Espainiako merkatuko argindarraren kostu-jatorriak lau zutoin ditu, hots: argindarraren beraren ekoizpena; ekoiztetxetik kontsumorainoko garraio-sarea; berriztagarriei ematen zaizkien hobariak; eta mentsak berak eragiten duen zorraren interesak.

Kontua da, ordea, lau zutoin horietako bakoitzak jarraitzen duela bere partea eskuratzen, Gobernua ez dela ausartzen kontsumitzaileari egiazko kostua kobratzen eta zorra, murriztu ezezik, etengabe gehitzen ari dela.

Arazo honen guztiaren logikarik eza ezin nabarmenagoa da. Batetik Administrazioa kontsumitzaileari ezkutatzen ari zaio argindarraren benetako prezioa eta informatzerik ez hau bere kasa hartu du Gobernuak, beldurraren beldurrez, geroko gerotan, berez berez konponduko delakoan edo.  Hala ere, erabakia ezin kaltegarriagoa da, argindarra garestiago balitz jendea energiaren egiazko kostuaz jabetuko litzateke-eta, energia gehiago aurreztuz eta, beraz, sistemaren iraungarritasuna areagotuz.

Energia-sektorearen baitan gero eta gehiago dira uste dutenak honezkero ez duela batere zentzurik energia berriztagarriak saritzea, ohiko energiaren lehiakortasunaren kaltetan eta,  informaziorik ezean, kontsumitzailearen energia-ardura batere sustatu ezinean. Alegia, ezein kontsumitzailek ez dakiela bere hileroko fakturari esker energia berriztagarriek pizgarriak jasotzen ari direna. Luzera askoz ere eragingarriagoa izango omen litzateke kontsumitzaileari energia fosilak eta energia berriztagarriak aldi berean eskaintzea –bakoitza bere egiazko kostuan—, jendeak erabakitzeko aukerarik zein konpromisuaz jabetzerik izan lezan. Hau da, hasieran zailago baina, etorkizunera begira, sendoago eta emankorrago.

Izan ere bada dioenik, jendeari duen zorra kitatzeko aukera eman behar zaiola, aurrerantzean argindarraren egiazko kostua baino ez ordaintzeari ekiteko eta bereak ez diren zorren interesei aurre egin beharrik ez izateko.

Baina, honen guztiaren gainetik, gero eta gehiago dira uste dutenak energia ezin dela alderdi politikoen arteko auzi-mauzi bilakatu, eta Estatu-hitzarmen handia beharrezko dela denok ere, urteak joan eta urteak etorri, gezurretan bizi izaten jarraitu beharrik izan ez dezagun.

                             

 

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: