Argi aski eta izar urri
Eta ez da nere iritzi soila, Mikel Rueda zuzendariak berak ere esana baizik: Es de interés divulgativo. Hay quien cree que el cine tiene un carácter comercial, pero otros creemos que tiene un carácter más social. Cuanta más gente la vea, mejor, porque al final estaremos conociendo una parte de nuestra historia. No es de entretenimiento puro y duro, pero su visión puede ayudar al crecimiento personal. Hortik aurrera, helburua ez bada entretenimendua, hazkuntza eta hezkuntza baino...
Hortik aurrera Izarren argia film apala da. Apala gidoia, murritzak baliabideak, urriak kokapenak, lauak interpretazioak… behar bada gure historia ezkutuaren zati bat besterik ez. Jakina, asmo onik, borondate zintzorik, ahalegin kementsurik eta egin beharrik ere ezin zaio ukatu baina, zinea zine, ezta ondorio xumerik ere.
Bestalde, auskalo Mikel Ruedak asmatu ote duen Victoria (Barbara Goenaga) alargun atxilotua eta banatzaile ondarrutarraren arteko maitasun-istorioaz. Behar bada filmaren aringarri, baina baita sinesgaizkarri ere. Orain hurrengo Barbara Goenaga bera ikusi ahal izan dugu Marino Ayerra (Unax Ugalde) apaiz nafarraren bizitzan oinarritutako filman (La buena nueva), eta nago ez ote diren, biak ere, “hobe beharrez” sartutako pastiche samarrak
No lloréis, lo que tenéis que hacer es no olvidarnos mezua tarteko, behin eta berriz gogorarazten zaigu ezin dugula inondik ere frankismoaren errepresiorik ahaztu, Saturrarango espetxean hildako 107 emakumeak eta 48 haurrak lekuko, Arantzadi Elkartearen datuen arabera. Hala ere, ez dakit ba nik pelikulan zehar ez ote diren gaiztorik gaiztoenak mojak eta ez, ordea, agintean zeuden frankista-frankistak. Ez ditugu lekaimeak salbatuko baina… non dira funtzionariak, arduradunak, espetxe-zuzendaria...?
Saturraran
Garai batean, 1960ko hamarkadan, sarri asko joaten ginen neska-mutilak elkarrekin Santurrarango zazpi hondartzetara. Batez ere, eguerdialdeko itsasgorak arratserarte haitz-zokoetan isolatzen gintuen asteburuetan.
Ordurako espetxe zaharra apaiztegi bihurtua zen eta, gogoan dudanez behintzat, filman agertzen den harrizko eraikuntza handikotea baino dezente apalagoak ziren hango etxe zaharrak. Nik esango nuke ez genuela sekula jakin bi hamarkada lehenago espetxe izan zirenik ere.
Apaiztegi gisa, berriz, arrunt ezaguna izan zen. Adibidetzat baino ez, oso oker ez banago, Angel Sukia kardinala, Juan Mari Uriarte gotzaina, Juan Mari Lekuona poeta, Mikel Atxaga kazetaria edota Edorta Kortadi arte-kritikaria apaizgai aritu ziren Saturrarenen. Eta beste ehundaka edo milaka gehiago, jakina.
Saturrarango apaiztegia