Argentina, 1985
Film zeharo adierazgarria, hunkigarri bezain entretenigarria, argentinarrentzat nahiz gainerakoentzat** burutua, tragediaren (30.000 desagertu eta milaka torturatu) larritasuna nabarmen azaltzeaz gainera, tarteka marteka umore-printzak alboratzen ez dituena.
Gertakari publiko historikoak eta fikziozko harreman pribatuak elkarrekin maisuki gurutzatzen dituen pelikula. Zinema independientearen zorroztasuna eta komertzialaren populismoa bilbatzen asmatzen duena, gertatu zenaren mezua agertarazteari bezain garrantzitsu baiteritza ahalik eta gehien hedatzeari. Zer esanik ez berrogeita hamar urtetik beherako belaunaldiek nekez gogoratu dezaketenez gero.
Ricardo Darin (Julio Strassera fiskal eta heroi nazionala) eta Peter Lanzani (Luis Moreno Ocampo fiskal-laguntzailea) tarteko, berriketa gabeko aktore-andana biltzen du filmak, Argentinako antzezle-maila jasoaren lekuko. Denen artean osatzen dute kontakizun benetalari, zirraragarri eta gogoangarria, suspense urduriari eusten dion gidoiaz, nahiz aldez aurretik jakinekoa izan erabateko amaiera pozgarria. Hasi eta buka gustura ikusten diren pelikula horietakoa.
Filmak merezi izan du Veneziako aurtengo ekitaldian Zinematografia Prentsaren saria eta, Donostiako Zinemaldiko ikusentzuleen ustez, filmik onenarena. Aipagarri ere Komunikazioaren Mundu Katoliko Elkartearen saria, “thriller klasikoaren arauez gertakari historikoa kontatzeagatik” eta “demokraziaren balio eta memoriaren mezulari indartsu” izateagatik.
Ikusi beharrekoa.
* Jorge Rafael Videl ( 1925-2013) .
** Bistan da, tituluak, Argentina, 1985, aproposagoa ematen duela filma nazioarteko merkatuan banatzeko, argentinarren etxe-baitan aurkezteko baino.
*** Julio Strassera (1936-2015), lau hilabete iraun zuen auzian zehar pasatu zen funtzionario soil (eta hotz) izatetik, heroi nazionala izatera.