Arcadi Oliveres: “hazkundearenak egin du”
Ingurumen Kazetaritzaz 4. Online ikastaroaren baitan mintzatu zen, bart arratsean, Arcadi Oliveres ekonomialari katalana “Medio Ambiente, Globalización y Crisis Económica” delako gaiaz.
Ingurumenaz, zorrotz kritikatu zuen 1960etik hona neurririk gabe hazi eta hezi den kontsumoa. Itzuli ezinezko punturaino heldu ote garen salatu zuen eta, adibide gisa, mundu guztiak mendebaleko herrialdeen beste kontsumituko balu, urteroko ahalak apirilaren 7an amaituko lirateke.
Globalizazioak ere, sekula gizateriak ezagutu izan duen unerik arriskutsuenera ekarri omen gaitu, eta krisiak, berriz, lanik eza eta ongizate-gizartearen gainbehera. Lana ez da berriro gehituko. Nonbait, lauzpabost orduko lanegunak ezagutuko ditu hurrengo belaunaldiak.
Krisia gainditzeko hiru aterabide baino ez omen dira gelditzen: iruzur fiskala gainditu, gastu militarra murriztu eta bankuak salbatzeari utzi. Eta, zer gerta ere, hazkundeari behingoz muzin egin. Hazkundearenak egin du.
Galde-erantzunetan entzule batek hiritar arruntak zer egin ote dezakeen itaundu zion. Erantzun hirukoitza: 1. Nork bere burua ondo informatu. 2. Suminduek egin ohi dituzten pareko ekintzak eratu. 3. Eguneroko erantzukizuna: objekzio fiskala gastu militarrari; banka etikoa gogoan izan; zentzuzko kontsumoa indarrean jarri.
Arrazoiz zein ez, ikaragarri hizlari bizkorra gero Arcadi Olivares. Bizpahiru ohartxo eskuan hartuta, etengabeko jarioa, ordubete luzez, edozenbat datuz, ironia handiz, zirika ugariz, ezten zorrotzez eta populismo tantari uko egiteke.
La voz de su amo
Gaiari zuzenean ez zegokion arren, Arcadi Oliveresek nabarmen kritikatu zuen kazetaritza. Komunikabideak gezurretan ari dira, engainatu eta erabili egiten gaituzte, informazio baldintzatua eskaintzen dute iragarkiak jartzen dituzten enpresen interesen mesedetan, egia ezkutatzen digute eta, laburbilduz, “la voz de su amo” dira.
Hor nonbaiten irakurrita nago iluntasunetik munduko/aren hariak mugitzen dituen horietako bati egin zioten galdera: zer gertatuko litzateke mundu erdia zuen kontra altxatuko balitz? Erantzuna ziplo batean: beste erdia armatuko genuke.