Arazo-konpontzailearen talentua
Venezuelan jaioa (Cumaná, 1954), Deustuko Komertzialean Enpresa eta Ekonomia Zientzietan lizentziatua, euskaldun berria, Koldo Anasagasti produkzio-arduretan hasi zen estreinako Euskal Telebistan, 1984an. ETBren beraren buru izatera iritsi eta, birritan, Donostiako Zinemaldiaren zuzendari izan ostean, 3 Koma 93 ekoiztetxea sortu zuen 1993an. Gogoan dut propio deitu zidala erabakiaren berri emateko. “Inork baino hobeto dakizu, Koldo, zein negozio korapilatsutan sartzen zaren…” esan nion. Eta berak, ohi duen apaltasunaz, erantzun: “Bai, badakit, baina zuk ere badakizu gustukoen dudan lana dena”. Geroztik ia 20 urte joan dira.
Nik ez dut ekoizpen-lanik gustuko. Ez dut horretarako ez prestakuntza egokirik, ez pazientzia askirik, ez “ezker” eskurik. Eta, behar bada horregatik, ikaragarri miresten ditut ekoizleak. Apostu egingo nuke, ezina, ekina, egina leloa asmatu zuena ekoizlea izan zela.
Ez dut artista-jendea lar gogoko. Beraiekin bat ez bazatoz begiratuko dizute ezer ulertuko ez bazenu bezala, edo, txarrago, zuk bere bikaintasuna ulertzeko gauza izango ez bazina moduan. Teknikariak ere berekoi samarrak dira, dena teknologiak konponduko balu legez, teknologiarik ez balitz ezer posible izango ez bailitzan.
Artistaren aldarrien azpitik eta teknikaren diktaduraren gainetik, ekoizleak daude. Eta eskerrak dauden! Eskerrak gero beraiei, euren pazientziari, euren orekari, bitartekotzari, praktikotasunari, eraginkortasunari.
Koldo Anasagasti errotik da produktorea, ekoizlea, zubigilea, arazo-konpontzailea. Horretarako talentua behar da. Eta ez zineman edo telebistan soilik.
Koldo Anasagasti, beste hainbat sariturekin batera, txibistaz, eskuinaldeko bigarrena