Arantzazuko outleta
Egunkarietan irakurri ahal izan dugunez, azken bost mendeotan bildutako 100.000 ale inguru gordetzen omen ditu frantziskotarrek Arantzazun duten liburutegiak, eta horietako hainbat gizarteratzeko sei egunetan nolabaiteko erakustaldia burutuko dute, beti ere ezkutuan dagoen altxorra bisitariekin partekatzeko. Baita zenbait ale salgai jarri ere, inork erosterik nahi izango badu aukerarik izan dezan.
Ikusia ikusi, ez dut nik borondaterik onenaz burututako ekimena zalantzan jarriko baina, hala ere, borondate on berberaz onartu beharko lukete antolatzaileek lehen igandean eskainitako bilduma ez dela astebururo Arantzazurainoko igoera eragiteko lain. Gauza bat da behin Arantzazura joanez gero sartu-irtenak merezi ote duen eta beste bat, zehatz ezberdina, bertara propio joan nahia harako liburu azokaren amuaz edo aitzakiaz.
Liburu zaharrei dagokienez, bost mendetako ehun mila libururen artean ez ote den aukera oparoagorik galdetuko nioke nik neure buruari eta salgai jarritakoez, berriz, beldur naiz bere garaian ezer gutxi saldu ziren titulu gehiegi ez ote duten oraingoan berriro ere salgai jarri. Errespetu guztiaz, frantziskotarrek liburu azoka izen ponpoxoz bataiatu dute gaur egungo edozein neskatilak outlet arruntzat joko lukeen merkatu txikia.
Ez nintzen, ordea, esku-hutsik jaitsi. Arantzazuko Andre Mariaren Egutegiaren (2011) hiru ale erosi nituen (hiru seme-alabontzat bana) eta, jakina, arkupeko ardi-gazta.
Ezkerretik eskuinera, "Tractatus de protietatibus rerum". Bartolomé de Granvilla, 1482. "Paraninfo celeste. Historia de la mystica zarza... de Aranzazu". Juan de Luzuriaga, Donostia, 1690. "De origine seraphique religionis franciscanae". Francisco Gonzaga, 1587