Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / "Arantzazu", tristea baina ikusi beharrekoa

"Arantzazu", tristea baina ikusi beharrekoa

Amatiño 2024/05/06 10:00
Bostehun urteko historia. Erlojuari begiratu gabe egindako elkarrizketak 25 orduko grabazioetan bilduak, 70 minutuko ekoizpen esanguratsu bezain adierazkorrean laburtuak. Sekulako dokumentala. Historia gogotik tristea, tristerik bada, baina ikusi beharrekoa.

Ez da, gero, batere erraza Pello Sarasuaren “Arantzazu” dokumentala 20-30 lerrotan zertan den azaltzea. Are zailago gogoan izanik ez dela ildo bakarreko kontakizuna, baizik eta historiaz, erlijioaz, espiritualtasunaz, naturaz, kulturaz, arteaz, euskaraz zein… gaztagintzaz ere bai. Hau guztia da Arantzazu. Bostehun urteko ekosistema, azken bi belaunaldiotan zeharo eraldatu dena. Etorkizuna egitear eta erabakitze duena.

Denak balio du azken 70 urteotako frantziskotarren nondik norakoa ulertarazteko, nahiz, segurutik, nire adinekook (1) ezeren beharrik izan ez ziztu bizian guztiaz jabetzeko eta, aldi berean. egungo gazteei euren aitonen adineko fraideek diotena arras ulergaitz gertatu… apal asko, hitz xumez eta frantsizkotar otzanez kontatu arren. Ez dira hitz soilak banan-banan ulergaitz suertatzen direnak, hitzek elkarrekin osatzen duten esanahi “arraroa” eta aditzera ematen duten esangura “exotikoa” baino.

Fraideek beraiek ere sumatzen dute, jakitun dira eta agiri-agirian aitortzen, egungo gazteek nekez uler dezaketela Arantzazun normaltzat bizi duten “mundualdia” edota “sentidu bila” bertan egindako hautua. Izan ere, nork ulertuko, egun bizi dugun zoramen zalapartatsuan, “otoitzik gabe bizitzak ez duela zentzurik?”

Zer gertatu da azken bi belaunaldiotan, NODOak 1950eko hamarkadan filmatutako ehundaka fraide gazte-ilara amaitezinak egungo zaharren egoitzen itxuretara pasatzeko? Gizartea sekulartuko zela jakinekoa zen baina, nork uste zezakeen hain urte gutxiren buruan gerta zitekeenik?

Dokumentalak triste uzten du edonor. Ez soilik protagonistok eurok, aldaketa ikaragarri horren isla euren bizitza pertsonalaren baitan bertatik bertara bizi izan dutenak. Baita ardura handirik gabe, tarteka marteka, Arantzazura igo izan garen sasoi bereko garaikideok ere.

Dokumentu Itzela da, mundiala. Batetik gure gaztetako gizarteak izan duen aldaketaren ispilu delako, eta, bestetik, lekukook --batere lotsa eta maliziarik gabe, xalo eta laño asko, ia-ia ezin sinetsirik--  euren benetako harridura aitortzen dutelako.

Historia tristea, bai, baina gurea. Ikusi eta ezagutu beharrekoa (2). Besteak beste Arantzazuren etorkizunaz ahalik eta ondoen asmatzeko. Gu guztiona baita Arantzazu, ez fraideena soilik.

Arantzazu, arantzan zu? Arantzazu, zuk zer duzu?

1) Anekdota gisa baino ez, nik umetan jakin izan nuen nire aita zena, 18 neba-arrebetatik gazteena,  Arantzazuko komentuan sartu zutela 11 urte besterik ez zituela (1919). Arrazoi dezente, niretzat behintzat, zintzo samar portatzeko.

2) Erakundeen aurreko aurkezpena azaroan izan zen, Arantzazun bertan. Ondoren Bilboko Zinebi jaialdian eta Durangoko Liburu Azokan. Geroztik, Donostian hasi eta ondotik, errenkadan, Lazkao, Oñati, Zumarraga, Aretxabeleta, Soraluze eta Mendaron zehar, herriz herri, eskatu ahala.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: