Aragoiko mendi-ingururik politena
Mendiz mendi, Formigaletik Canfranc-era, erdi bidean edo. Formigaletik Anayeteko iboietara, ia hiru ordu; eta Canfranc-etik, berriz, ia lau. Bazter batetik bestera –zerbait jateko geratu, ura edan, txiza egin eta hiruzpalau argazki atera…-- zazpi ordu onak behar.
Normalean, utzitako lekuan hartu behar denez gero autoa, aukeran, Formigaletik Canfranc-etik baino samurragoa da. Kilometrotan, joan-etorria, 14 inguru Formigaletik eta ia 19, Canfranc-etik. Baina ez, soilik, kilometroz laburragoa delako, baita dezente gutxiago igo behar delako ere. Iboiak 2.235 metrora daude; Formigaleko parkina, 1.600 ingurura eta Canfranc-ekoa, ostera, 1.260ra. Horretara, garaieraz, 300 metroko aldea. Mendi-neurritan, ordubete, ozta-ozta.
Politasunez, berriz, iritzia iritzi, Canfranc-etik, Canal-Royan (gorria) zehar, nabarmen ederragoa. Rinconadako larrek eta barreneko “horma” ez dira, gero, nolanahikoak.
Alde batetik zein bestetik, leku polita, politik bada.
Canal-Royako haran-barrena. Gerizpean, Rinconadako "horma" (ordubete inguru behar igotzeko), nondik jausten diren goikaldean dauden iboietako urak, larretan zehar sakabanatzen direnak. Ezkerreko tontorra, Espelunziecha. Eskuineko haitz garaua, Anayet sumendiaren oinarria, iparraldetik ikusita.
Mikel Gesalaga eibartarra eta biok, iritsi berri. Aurrez aurre, Espelunziecha (2.399 m.) gailurra ("Espelunga", leize, aragoieraz).
Anayet sumendia (2.574 m), hegoaldetik ikusita. Begi-bistan, labazko tximinia besterik ez, 250 milioi urteko erosioak lur-geruza eraman ostean, haragi gabeko hezurrarren pare.
Canfranc-eko "Arañones" taldekideak, Formigalerantz. Barrenean, Midi d´Ossau sumendia (2.884 m.). Hau ere, Anayeten garai berekoa eta biluzik. Baina, honako honetan, ez da tximinia, galdara baizik. Tximinia denbora-tunelaren baitan joan da pikutara.