Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Aragoiko jatetxerik jatorrenetakoa

Aragoiko jatetxerik jatorrenetakoa

Amatiño 2012/04/08 23:00
Behin, barrena, ezagutu beharrekoa da Echoko Gaby jatetxea (Blasquico). Lege zaharreko jatetxe txukuna, jatorra, benetakoa, Aragoiko sukaldaritza peto-petoaren adierazgarrienetakoa. Ez dut nik esango bihar bertan joateko baina, inoiz joatekotan, ez behintzat datorren hamarkadarako utzi, ez baitu behar bada ordurarte iraungo. Edo etxekoandreak lanari utziko diolako edo ondorengoek oraingo prezioei eusterik izango ez dutelako.

Oraindik ere, Echo Ibarrean  darrai, adinekoen artean batez ere, cheso hizketak,  IX. mendetik aurrera euskal sustraitan errotutako erromantzeak, Eta hamabi mende geroago sustrai haien lekuko da bertako toponimia: Javierregai, Urdoze, Oza, Guarrinza, Agerri, Axerito... Erromaniko zoragarririk bada Echon, Ziresan; mendigoizaleek nonahi dute nora joan maldan gora, Hiru Erregeen Mahairaino, besteak beste;  eta ondo jateko, berriz, Aragoiko sukaldaritzarik  jatorrenetakoa, Blasquiconean.

Ziresako San Pedro  monasterio erromanikoak.Karlos Handiak eragindako Karolingiar Inperioari (768-843) zor izan zizkion bere ahalak. Gotzaindegia izan zen, 150 abade beste bildu zituen bere baitan eta garai hartako liburutegirik aberatsenetakoa osatu. Kanpotik sekulako eraikintzarra da oraindik ere eta barrutik, berriz, “biribila” zentzu guztietan.

Oza oihanak ez du, jakina,  honezkero aurkezpenik behar. Leku aparta mendi-botak jartzeke Pirinioetako belartzak, basoak eta erreka bizkorrak ahalegin handirik gabe ezagutu nahi dituzten sasimendizale turistentzat.

Eta bazkaltzeko, berriz, Echoko Gaby Jatetxea (Blasquico).  Benetan jatetxe gutxi gero horren onak eta horren merkeak. Lehen-lehen mailako sukaldaritza, Aragoiko plater peto-petoak (perretxiko-krepak, barazki beteak, kardua bakailaoaz, ehiza…). Anoak handi samarrak dira eta beti ere komenigarri bi laguneko plater bat eskatzea. Edateko, berriz, Somontanoko Idrias Chardonnay zuria, kartako merkeena eta onena, oraindik ezezagun samarra. Hogeita hamar eurotan, postre eta guzti, bapo bazkaltzeko moduan. Harrera eta zerbitzua erabat abegitsuak, Gaby (Gabriela Coarasa) etxekoandreak  berrogeita hamar urte luze daramatza sukaldean amonarenak ahaztu ez daitezen.

Behin, barrena, ezagutu beharrekoa. Joan aurretik pare bat egun lehenago deitu. Guztira sei mahai besterik ez, nahiz inoiz, etxekoen jangelan (aittona traban eta iloba telebista ikusten tarteko) beste pare bat hala moduz egokitu behar izan.

Eliza barruan luzetara

Ziresako San Pedro. "Biribila" zentzu guztietan

Amatiño Oza

Oza oihana

Blasquico

Gaby jatetxea, Blasquiconekoa

Gabriela Coarasa

Gabriela Coarasa etxekoandrea

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: