Aragoik ez du iparralderik
Galdera hau Rafael Andolz idazleak egiten dio bere buruari Así somos, así fuimos (Editorial Pirineo, 1998) delako historia-pasarte liburuan baina ez du erantzunik eskaintzen. Nik esango nuke, ordea, erantzuna Pirinioek dutela, Euskal Herriko zein Kataluniako mendaterik gehienak Aragoikoak baino dezente baxuagoak dira-eta.
Ez dakit noiz, non eta nori irakurri izan diodan Euskal Herria giza-bizitza nekez garatu daitekeen Pirinio-gailurretan amaitzen dela. Alegia, Euskal Herria amaitzen dela euskaldunak ostentzen diren lekuan eta euskaldunak ostentzen direla baserritarrak eta artzainak bizitzerik ez duten mendi-bazterretan. Ez dakit hau zenbateraino den egia, honek ez ditu-eta erabat azaltzen Kataluniaraino dirauten euskal toponimiaren aztarrenak baina erabat nabarmena da gero, dezente errazago direla Elizondo eta Sararen arteko harremanak edo Erronkari eta Zuberoaren artekoak, Jaka eta Oloronen zein Ainsa eta Tarberen artekoak baino. Zer nahi delarik Somport (1.648 m.), “summus portus”, edo Portalet (1.794 m.) mendateak gainditu beharrak ez du inondik ere joan-etorria errazten, Aneto (3.404 m.), Posets (3.371 m), Mont Perdito (3.355 m.) eta beste hainbat gailur aipatzeke.
Antza denez, hizkuntzalariek diotenez behintzat, gaskoi-hizkuntzak (biarnotarrak) hegoaldeko erromantzeen traza gehiago omen du iparraldekoena baino, baina ez dirudi aragoitarrek eta biarnotarrek elkarren kontzientzia handirik inoiz izan dutenik. Gauza bat da geografia-auzotasuna, errege-leinuak eta dinastia-aginteak eta beste bat, berriz, jatorri-kontuak.
Edozein modutan, gutxi zein asko, ukaezina da gaur egun Euskal Herrian zein Katalunian mugaz bi aldeon arteko harremana, hurbiltasuna eta nortasun partekatua. Aragoi eta Biarno, aldiz, mundu bi zeharo paraleloak dira.
kaixo, Amatiño. Gaskoiera okzitanieraren familiako hizkuntza da eta okzitanierak harreman handia du katalanerarekin. Bada Katalunia Herrialdeetan, Valentziaerrian zehatzago esan da, nor dion azkenean bi hizkuntza horiek (katalana eta okzitanoa)famili bereko eta are gehiago hizkuntza bat eta bera direla. Egia da, gaskoiera -eta oro har "oc" zitaniera-, harreman handiagoa duela katalanarekin eta ez "ouil" hizkuntzarekin (frantsesarekin, alegia. Aragoierak -fabla gisa ezaguna-, penintsulako erromantzeekin du harremana.