Araban bagare
“Araban bagare” kanta ezaguna zelan sortu zen, zelan sortu zuten elkarrekin Bittor Kapanagak eta berak, gogorarazi nahi izan zuen Gontzal Mendibilek aurreko igandean Deia egunkarian. Arrakasta dezente izan duen artikulua, nonbait, ez emailez email hor zehar erruz zabaldu delako soil-soilik, baita hainbatek oraintxe jakin ere jakin duelako egileon berri. Hona artikuluaren pare bat paragrafo hautatu aspaldiko Bittorren zein Gontzalen omenetan, Franco hil zen garai bereko bizpahiru argazki eta guzti.
Bittor Kapanaga. Durango, 1975
Kontuan dut 1974ko negualdean Otxandiotik gertu dagoen Aramaioko Oleta auzoko Apieta baserrian sortu genuela. Bittor Kapanaga adiskidearen hitzak kantu bihurtu nituen behe-suaren inguruko egotaldi goxo hartan. Han genbiltzan Bittor hitzak bilaka eta ni neu doinuak nondik aterako ahaleginetan, eta agertu ziren bai guregana aingeruak. Lasterrera aideratu genuen kantua. Kantaldiak ere hainbat ziren frankismopeko azken garai haietan. Ni neu bakarrean eta lasterrera Xeberrirekin batera nenbilen herririk herri, plazaz-plaza, kantu kantari. Eta Franko hil zen urte eta hilabete berean, Madrilen geunden Xeberri eta biok ‘Zaurietatik dario’ diskoa grabatzen.
Ez Bittorrek ez eta neronek ere, ez genuen inoiz pentsatuko orduan sortutakoa hain entzutetsu bihurtuko zitzaigunik. Baina halaxe izan zen. Kantu bat arrakastatsu bihurtu daitekeen misterioa argitzea zaila da. Baina agian, kasu honetan, esan behar, benetan esanguratsu ditugun hitzak doinuari ondo itsatsiak daudela, eta, berez, kantuak entzunez batera herrikoitasun kutsua hartzen duela, hau da, autoretzatik bertatik kanpo bihur-tzen den horietakoa dela. Kantuaren esanahia argia bezain zehatza da. Euskal subkonszientean barneraturik dugun ‘garen hori’ baieztatzen du eta gure gogoan legokeena adierazi.
Xeberri eta Gontzal Mendibil. 1975.XII.26
Gontzal Mendibil, kantaldi berean