Araba gainetik Lapurdiko itsasbazterreraino
Donejakue bide-bazterrean kokatua, nahitaez Kostola aurretik igaro beharra dago, Mutriku aldetik Markinarantz abiatzeko. Bertatik ere pasatu behar da, Eibartik Ondarroako itsasbazterrera jotzeko. Baita Debara abiatzeko ere, Olatzetik zehar.
Mijoatik (Mutriku) Mizkian zehar Kostolara joateko Armentxa auzoraino* igo behar da; porlanezko 4,5 km. baino ez dira, baina sekulako aldapaz (zenbait lekutan %15etik gora ematen du). Armentxatik Kostolara, berriz, kilometro inguruko mendi-bidea, heren bat zidor latz, aldatsu eta lokaztua. Erdi bidean, bertatik bertara dago Berriatua, Markina-Xemein eta Mutriku arteko mugarria eta, hartara, baita Bizkaia eta Gipuzkoa artekoa ere.
Inguru berean, Armentxara heldu aurretik, azken bost edo sei mendeotan, Gorozika eta Mizkia arteko ola edo korta ezaguna. Ez zen, nonbait, bakarra. Horra, ez urruti, Kostolamendiren (Zabaldegi, 488 m) magalean, errenkadan, adierazgarri samar, Gorostola, Imintxola, Damukorta eta Mañukorta tankerako baserri-izenak.
Leku mugitua izan da, nonbait, Kostolamendi ingurua. Eta, bere modura, mugitua izaten jarraitzen du gaur egun ere, basurdeen paradisua baita astegunetan eta, jaiegunetan, berriz, mendi-txirrindulariak samaldaka agertu.
Esan bezala, Armentxatik Bizkaiko muga-mugako Kostola baserriraino, kilometro inguruko bidezidorra baino ez. Gertukoak izan arren, demasekoa da bien ikuspegien arteko aldea. Armentxa dago mendiaren ifarraldeko maldan, itsasora begira. Korosta, berriz, hegoaldeko hegian, lehorrera so. Armentxako ataritik, ikuspegia itsasoan barrena galtzen da, Jaizkibelen zehar Baionako barraraino. Kostolatik, ostera, begi-bistan Kalamua, Anboto, Oiz eta, elur aztarren zurixka eta guzti, Araba gaineko Gorbeia.
Mutrikutik Baionako barra ikus daitekeenik ez da erraz sinestekoa baina… tira, izango al da! Mutrikutik Gorbeia ikusterik dagoenik, ostera, erabat ezina ematen du. Baina ez, besterik iruditu arren, Kostolamendiko mugatik** behintzat, hobeto ikusten da Gorbeiako tontor biribila, Armentxatik Baionako barra lausotua baino.
* Lau baserri dira: Armentxa Goikoa , Armentxa Bekua, Armentxa Zabal eta Armentxa Berri
**Kostola baserriko argazkian, porlanezko bidearen eskuinalde guztia, Gipuzkoa da. Ezkerraldea, ostera, baserria barru, Bizkaia.