Antzezlana, arra, eta zinea, emea
"Zineko aktore-aktoresa lana pazientzia, tolerantzia, ñabardurekiko begirunea eta maitasun-punttua eskatzen dituen artea da. Hau da, funtsean, esentzia femeninotzat jotzen duguna. Zineak erotu ez zaitzan, patxada gorde behar duzu, denbora galtzea onartu eta zineaz ezertxo ere ez jakin arren estudioak kontrolatzen dituzten handiki agintzaileen alferrikako araupideak bete" (Dance while yo can. Baila mientras puedas, Bartzelona, 1993).
"Alderantziz, ordea, atzerki-lana guztiz bestelakoa da. Antzezlanak ahalegin gogorragoa eta bortitzagoa eskatzen dizu. Antzezlanak konzentrazio adimenduna eta analitiko samarra behar ditu eta, beti ere, erosotasun-sentipena, indarra eta audientziaren kontrola. Hau da, maskulinitatearen esentzia".
Antzerkian, eszenategian dagoen aktore-aktoresa da protagonista eta jendea du aurrez aurre beha, zer egingo zain. "Zu argitan zaude eta publikoa, ostera, ilunetan". Guztia antzezlanean diharduenaren kontrolpean dago: "zuk agintzen duzun artean, ikusentzulea seguru dago. Kontrola galtzen baldin baduzu, berriz, publikoak segurtasuna galduko du."
Zinea, aldiz, zenbait minutu gutxiko edozenbat sekuentziaz osotua dago eta… "Sekula ez dakizu hainbeste kostatu zaizun zatia osorik aterako den, ezta inoiz aterako denik ere. Eta atera orduko, hainbat hilabete pasatu ohi dira, inork egindako aukeraz eta loturaz. Antzerkia pertsonala da; zinea, talde-lana."
Shirley MacLaineren ustez, pelikulak egitea barne-abentura da eta antzerkia, berriz, kanpolarrosa. Ez du, ordea, esaten 1954an Hollywoodera hurreratu zen neska gazteak zineari esker egin duela karrera. Abentura luzea eta ez, nonbait, horren barnekoia. Are gutxiago lotsatia.