Antzerki zaharra, musika berria
“El borracho burlado. Ópera cómica en castellano y vascuence. Escrita y puesta en música por un caballero guipuzcoano” (Bergara, 1764.08.25) delakoak sortze beretik izan du, etenik gabe, testu ezaguna. Gaur egun edonork aurkitu dezake paperez zein Internetez, irarkiz nahiz faksimilez. Ez zegoen, ordea, musikarik inon… azken asteburu arte.
Orain 50 urte, berrehungarren urtebetetzean alegia, Muniberen opera hau antzeztu zen Azkoitian, baina batere musikarik gabe, inork ez baitzuen orduan jatorrizko partituraren berri. Hainbat urte geroago, antza, Bergaran agertu omen ziren paper-puskaren batzuk, non Evaristo Espinosak 1921 urtean egindako transkripzioren bat azaltzen zen. Paper haiek Javier Bello Portu tolosarrari luzatu zitzaizkion eta, musikagile honek egindako moldaketen ondotik, Valen Moñux eta Iñigo Alberdi bergararrak tarteko, ganbara-orkestra eta hainbat ahotsetarako eresia izaten amaitu dute.
Batetik daki azken emaitza horretatik zenbat den Muniberen ezpalekoa eta zenbat geroztik etorritakoek asmatua. Auskalo gero, ezarritako musika berriari darion euskal doinua XVIII. mendekoa izan zitekeenik ere; baina, zernahi delarik, nekez esan ahal izango du inork atsegina ez denik, edo belarrira hurbila, aproposa eta ezaguna egiten ez zaionik.
Berrehun eta berrogeita hamar urteren bueltan, testu zaharra, musika berria. Berez ona eta, besterik ezean, onena. Ezin hobea.
Jendaurrean azken leloa errepikatzen
Jendeari bizkar emanda, Xabier Maria Muniberen irudia txalotzen