Antton Valverde, presentziatik ihesi ari den presentzia
Berrogeita hamar urte geroago, auskalo Anttonek asmatu ote duen nahi zuena egiten, baina seguru ez duela egin nahi ez zuenik.
Oraintsu argitaratu du bere azken diskoa, “Gaua. Ausentziaren itzala”. Bakarkako seigarrena, guztira hogeigarrena, eta, han-hemenkako zenbait aurkezpen publikoren ondotik, aurreko igande iluntzean Donostiako Antzoki Zaharrean herrikideei zuzenean azaldu ziena.
Distantzia motzean irabazten dutenetakoa da Antton Valverde. Bihotzez mintzo da eta bihotzaz hitz egiten du. Intimista, barnekoia, benetalaria, inoren hautuen ontzaile hurbil eta gurbila… hartara, ez olerkaria, ereslaria baizik. Ehundaka kanta musikatu dituen arren, bat bakarraren letraren sortzaile baino ez omen da. Poeta frustratua ote? Inoren finezaren trobadorea ez ote?
Lizardi, Lauaxeta, Salbatore Mitxelena, Bitoriano Gandiaga, Xabier Lete eta beste izan ditu gogoko Valverdek, eta azken disko honetan, berriz, baita Juan Kruz Igerabide, Elisa Rueda, Imanol Irigoien eta Harkaitz Cano ere. Hain zuzen, sarrerako kanta, “Sei silabako gaua”, Harkaitz Canok duela zazpi urte burutua da, Chopinen nokturnoen ildotik Arkaitz Mendozak interpretatua eta, orain, Antton Valverdek egokitua, euskaraz, gaztelaniaz zein ingelesez.
Klasikoak ez dira, gero, arrotzak Valverdatarrenean. Aita zenak (Antonio Valverde “Ayalde”. 1915-1970) Lizardiren poemak irakurtzen ikasi zuen euskaraz… Brahms-en musika entzuten zuen bitartean. Ez du semeak irudi hura ahazteko. Eta hortik-edo datorkio, segurutik, harako diosala: 'gora Lizardi, gora Lete, gora Schubert eta gora zuek gaur etortzeagatik!'
Agur esaka hasi aurretik gogora dezagun Antzoki Zaharrean izan zirela, Antton eta pianoa ezkontideekin batera, ohiko aitabitxiak, Joxean Goikoetxea, Ivan Carmona eta Francisco Herrero. Eta ziurrenik, bastidore arteko banbalinetan, baita Karlos Gimenez aita bedeinkatzailea ere.
Anttonen berrogeita hamar urteko eskarmentua gutxi balitz, “ausentziaren itzala” da pandemiapeko patxada luzean zehar, presarik gabe, astiro egokitutako emaitza. “Ausentzia” diskoaren azken kantaren atzenengo bertsoa honela amaitzen da, ordea: Presentzia naiz, presentziatik ihesi (Harkaitz Cano). Ez da inondik ere epilogorik traketsena Anttonenik adierazteko.