Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Antso Abarkako Andre Mariaren kosmosa

Antso Abarkako Andre Mariaren kosmosa

Amatiño 2015/05/28 22:30
“Sancho Abarca” emakume izena da. Nekez jarriko dio inork gure artean horrelako izenik alaba jaioberriari baina… Sancho Abarcako Andre Maria izan bada Nafarroa eta Aragoi arteko mugan eta, bertan jasotako datuen arabera, Zaragozan bizi omen dira 46 emakume Sancho Abarca izenekoak: 19, Zaragoza hiriburuan eta 27, probintzian. Sancho Abarcako Andre Mariaren kosmosa aspaldi galdu zen historian zehar.
Antso Abarkako Andre Mariaren kosmosa

Bardeen atarian, Nafarroa eta Aragoi arteko mugan

Sancho Abarcako Andre Mariak ez du, berez, izen berezirik. Sarrantzako (Aspe, Biarno) ama birjinaren irudia agertu omen zitzaion Ibar izeneko artzainari (Garde, Erronkari), 1569ko apirilean, sei mende lehenago Antso II.a Gartzez “Abarka” nafar erregeak eraikitako gaztelu zaharraren inguruan. Zertarako ba izen berririk asmatzen hasi, tokian tokiko deitura hain ezaguna izaki?

Hainbatek galdetu dezake: eta zer arraio egin zezakeen Gardeko artzainak Bardeetan? Ba, segurutik, edozein artzain erronkariarrek normalean egin ohi zuena, Bardeetako larre berdeetan ardiak zaindu alegia, udaberria noiz etorriko zain, berriro ere artaldeak hartu eta etxera itzultzeko.

Leku gutxi gero Euskal Herrian, Santxo Abarkako santutegia bezalakorik, sasoi bateko historia zaharraren bidegurutzeak laburbiltzeko: Pirinioetako hego eta ipar aldeak; Nafarroa, Aragoi eta Biarno erresumak; Bardeak, Erronkari eta Aspe haranak… Gaur egun elkarren berri ia batere ez duten herrialdeek nolabaiteko kosmos bateratua osatu zuten garai batean. Menderik mende, aurrez aurre bizi izan zirenak, elkarri bizkar emanda bizi dira egun.

Gartzia Antso nafar erregea izan zen Antso Abarkaren aita, eta ama, berriz, Andregoto Galindez kondesa aragoitarra. Sancho Abarca ez da, segurutik, emakume-izenik aproposena baina… inork ezagutzen al du Andregoto izenekorik?

DSC_2559

Ibar artzain errokariarra, Santxo Abarkako Andre Mariaren magalpean

DSC_2567

Bardea Beltza, Santxo Abarkako santutegitik, sartalderantza begira.

DSC_2578

Bardea  Beltza, aurreko igandean

DSC_2581

Nork esan du Bardeak lehorrak direnik?

DSC_2572

Ezkerraldean, Bardeetako nafar lautada goiena. Eskuinaldean, 350 metro beherago, Zaragozako lurralde barrena. Amildegia da muga nabarmena.

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hogei ken bi? (idatzi zenbakiz)
Erantzuna: