Antonio Valverde “Ayalde”, errenazentista
Aurten 50 urte dira Antonio Valverde Ayalde hil zela. Nor ote Antonio Valverde? Errazena da esatea Lola, Carlos, Javier, Mariajo, Rosa eta Anttonen aita izan zela. Baina ez al zen alderantziz izan? Alegia, Javier eta Rosa margolari izango ote ziren aita artista izan ez balute? Antton Valverde kantaria, Lauaxetaren eta Xabier Leteren interpreterik onena izango ote litzateke aitaren euskal emozioan hezitua izan ez balitz. Lola katedraduna, aitzindarietakoa bada euskal historia emakumearen ikuspegitik aztertzen, ez al da izango etxean giro hori ezagutu zuelako?
Antonio Valverdek hogei urte baino ez zituen Gipuzkoako Pintore Berrien lehiaketa irabazi zuenean. Ikasketaz legegizona, margolari, grabatzaile eta publizista, enpresari konprometitua izateaz gainera, euskaraz ikasi zuen, euskal idazle eta euskaltzain urgazle izateraino. Gipuzkoako kulturgintzaren ardatzetakoa izan genuen, bere aurreko eta ondoko belaunaldien zubi.
Zail da gero bi minutuan Ayalde zenaren eragina laburbiltzea. Baina, begira wikipedian Xenpelar bertsolariaren edo Mitxelena hizkuntzalariaren sarrerak eta aurkituko dituzun irudiak Ayaldek berak egindakoak dira. 50 urte hil zela, bai, baina euskal ekarpen digitalaren parte dugu.
Ayaldek ilustratu zituen orain sei hamarkadako lehen Olentzeroak eta Akelarreak, Donostiako estropaden kartelak, Lizardiren “Biotz-begietan” olerkien eta Orixeren “Euskaldunak” poemaren marrazkiak; Pio Baroja eta Aita Barandiaranen karikaturak; Chillida eta Oteiza eskultoreenak; Basarri eta Uztapide bertsolarienak; Lekuona eta Villasante euskaltzainburuenak etab. Berak ipini zien aurpegia, San Inazio, Aita Larramendi, Zumalakarregi eta Iparragirreri. Beste horrenbeste Blas de Lezo, Lope de Agirre, Txurruka, Idiakez eta Urdanetari. Berak egin zituen, “Oarso” eta “El Bidasoa” aldizkarientzako zein Auñamendi argitaletxearentzako portadak; baita idatzi ere “Egan” eta “Olerti” euskal sortetan; marrazkiak eta litografiak gutxi balira, lehen mailako hirurehunen bat pintura utzi zituen, oleoz eta akuarelaz.
Dena kokteleran sartu eta, Antonio Valverde Ayalde bezalako errenazentistak primeran etorriko litzaizkiguke orain ere.
EUSKADI IRRATIA. Albiste-faktoria