Anton de Madariaga hil da, bizkaitar enpresari peto-petoa
Anton de Madariaga genuen --diktaduraren azken urteetan zein demokraziaren aurrenengoetan-- euskal ekonomia suspertzeko, sustatzeko eta areagotzeko buru belarri saiatu zen belaunaldiaren ordezkaririk nabarmenenetakoa.
Gorlizen jaioa, euskaldun zaharra, abertzalea, ondo hezia eta ikasia (Ekonomiaz Deustun eta Zuzenbideaz Valladoliden), Bilboko Banketxean, Iberdueron eta Bizkaiko Labe Garaietan lan egin ostean, Petronorren bultzagilea izan zen eta bertako zuzendari nagusi lehenik, kontseilari gero eta lehendakariorde, azkenik.
Bilboko Merkataritza Ganberaren lehendakari izatera heldu eta talaia hartatik errotik arduratu zen Bizkaiko industriak bizi zuen atzerapenaz (azpiegiturez, energiaz zein zerbitzuez) eta, lehiakorragoa izan zedin, hamaika egitasmo eragin eta indarrean jarriarazi zituen.
Lau urtez Plentziako alkate (EAJ). Irakurle sutsua, historia-gaien zale, euskal ekitaldien eta diktadura-garaian sortu ziren lehen euskal eskolen laguntzaile isil.
Anton de Madariaga, Rafael Ossa-Echaburu kazetaria, Henrike Knörr euskaltzaina eta Leizaola "lehendakari zaharra", Muskizko Muñatones gazteluan (1983). Atzekaldean, Juan Jose Pujana, Eusko Legebiltzarraren lehendakaria
Japoniako printzea zela, Aki Hito enperadoreak Petronor bisitatu zuen 1973an. Argazkian, Anton de Madariaga agurtzen
Anton de Madariaga, Juanjo Pujana, Henrike Knörr, Leizaola "lehendakari zaharra" eta Rafael Ossa-Echaburu