Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Anton Barrutia, gure mutikotako heroia

Anton Barrutia, gure mutikotako heroia

Amatiño 2021/07/14 09:55
Anton Barrutia hil da bart, Galdakaoko ospitalean, 88 urte zituela. Lege zaharrekoa, larre motzekoa, kristoren tipo jator eta benetalaria, lagunen laguna, etsairik gabekoa. Gure mutikotako heroia.

Umetan ezagutu nuen nik Anton Barrutia, Julian Agirrezabalen* bitartez, biak iurretarrak. Zortzi urte baino ez nituela ekin zion Antonek bizikletan ganoraz korritzeari, eta 21, berriz, utzi zionean. Hamahiru urte errepikagaitz haietan, Barrutia izan zen guretzat sinpatiarik gehien sortarazi zuen txirrindularia.

Bai, Loroñoren eta Bahamontesen arteko katramiletan gu guztiok larrabetzuarraren aldeko ginen, jakina, baina Anton ika-mika haietatik kanpo zegoen. Ezin ahaztu 1950eko hamarkadan hasi ginela txirrindularien kromoak trukatzen, baita, plaza edo espaloietan bidea klarionaz markatu ostean, txapetara** jokatzen ere. Anton Barrutia zen kromo-sorta haietarik alerik maitagarrienetakoa. 

Gainera, eta hau oso gutxitan hartzen da kontuan, Bahamontes eta Loroño, errepidetan, Barrutia baino arinagoak eta lasterragoak ziren arren, gure iurretarra beste biak baino nabarmen indartsuago eta iaioagoa zen ziklo-krosean, ez baitzen alferrik birritan espainiar txapelduna izan eta laugarrena izatera iritsi,  munduko txapelketan.

Orain ziklo-krosa erabat marjinala bada ere, Antonen denboretan zeharo gertukoa zen, nolabait esateko, orain baino askoz ere ‘urbanoagoa’, eibartarrontzat batez ere, nik gogan dudanez behintzat. Kontu izan, ziklo-kroseko lasterketek Eibarko kale-bazterrak gurutzatu izaten zituztela, mendi-malda batetik bestera, Urki aldetik Estixa aldera, Mekolatik gora, esaterako, Ego-errekazuloa skate-pista galanta balitz bezala.

Sasoi hartan. Untzagatik Ipuruara, korrida-plaza barreneko gaztainondoko bidezidorretatik igotzen ziren txirrindulariak, eta Elgeta-kalea San Andres parrokiako atariraino jaisten zen (oraingo Niza kafetegiraino-edo), nahiz azken metroetan berrogeitaka harmaila gainditu behar. Txirrindulariek, bizikleta-gainean, harmaila-errenkada hura aitaren batean, itsumustuan, jaisten ikusi ahal izatea sekulakoa zen. Eta ikuskizun haietako izarretakoa, Anton Barrutia.

Anton Barrutiak Andaluziako Itzulian parte hartu zuen estreinako 1955an, Iurretatik Malagara sei egunetan bizikletaz joan ostean. Hura bai, txirrindularitza. Gero etorriko ziren hurrengo hamarkadetako profesionalizazioa, KAS talde mitikoaren arrakasta Antonen beraren zuzendaritzapean, publizitatea, komunikazioa, ETB eta gainerakoak. Baina azken hauek jakinekoak dira.

Eskerrik asko, Anton.

* Eta Julian Agirrezabal ezagutu, berriz, José Luis Valenciagari esker, biek nahi zuten-eta ni txirrinduzale egitea.  Baina ez zuten gure aita zena lar konbentzitu, ez zidan behintzat erosi, bere lagun biek proposatzen zioten besteko bizikleta on-onik, zatia apalagoa baino. 

 ** Kromoetako txirrindularien argazkiak moztu, gaseosa-botiletako txapetan ezarri, eskuz neurrira higatutako (kontu handiz hautsi ez zedin) kristaltxoa gainean jarri (pisua hartzeko) eta “masilliaz” itsatsi.

Anton Barrutia
Anton Barrutia, Dos de Mayo kaleko (gaur, Toribio Etxebarria kalea) helmugan.

Txirrindulariak 1960
Anton Barrutia, Ipuruako kriteriumean, Bahamontes, Anquetil eta beste hainbatekin batera. Goizean, Arrateko Igoera eta, arratsaldez, pista-lasterketak, futbol-zelai gainean apropos jarritako zurezko belodromoan. 1964ko apirilaren 5ean.
Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: