Euskaldunen aitaren behatoki-gaztelua
Antoine D'Abbadie, "euskaldunen aita" bere garaikideon esanetan, dublindarra zen jaiotzez. Ama irlandarra zuen eta aita, berriz, zuberotarra.
XIX. mendeko euskaltzale, zientzialari, astronomo, kartografo, ikertzaile, bidaizale, gizarte-eragile eta Hendaiako bertako auzapez edo alkate, ezin haren bizitza, ekintza eta emaitza hamar lerrotan laburbildu. Baina, aldi berean, nekez gero, Euskal Herri guztian, harek utzi zigun jauregiaren (etxebizitza, behatokia, liburutegia…) besteko ondare adierazkorragorik eta esanguratsuagorik.
Auñamendin, Wikipedian zein Bidegileak (Patri Urkizu, 1998) sortan erruz aurkitu ahal izango du irakurleak edozenbat informazio Abbadiaren nondik norakoaz. Eta, bisita egitekotan, beti ere komeni behatoki-gazteluaren webguneaz joan aurretik jabetzea.
Jakina da Abbadia atsotitz eta errefrauzale amorratua zena. Ikustaldian zehar bisitariak sumatuko du, han-hemenka, gelaz gela eta hormarik horma, makina bat esaera zahar Europako nahiz Afrikako hamarren bat hizkuntzatan. Argazkian, liburutegia, Art Deco eranskin eta guzti
XIX. mendeko behatokia, garai hartan bakarrenetakoa Europan