Antimitina
Alderdien eta hiritarren arteko zubigintza galdua errekuperatzeko eta funtsezko urraspide berriren bat jorratu gurarik, Kataluniako Convergència i Unió federazioak aurreko astean ekin zion nolabaiteko beste taxuketa bati. Llabur-llabur esanda, batez beste laurehun lagun inguru bildu ditzaketen zazpi topaketa --docsessions-- antolatuko ditu, beste horrenbeste astebetez, asteartero ordu t´erdiz, ordu erdiko hiru zatitan banatutako saiotan, beti ere Artur Mas buruzagiaren gidaritzapean eta honako zazpi gaiz: lanik eza, iraunkortasuna, baloreak, kohesioa, erakundeak, berrikuntza eta nazioa.
Astearteroko topaketa bakoitzerako hiru “aditu” izango dira deituak gonbidatu gisa, hamar minutuan nork bere txostena aurkeztu edota iritzia eman dezan. Ondorengo ordu erdian Artur Masen hitzaldia asteko gaiaz CiUren jarrera azalduz. Eta azken hirugarren ordu erdian, berriz, entzuleen galdera-txanda.
Herenegungo saioan, iraunkortasunaz, laurehun ikusentzule ezezik, bostehunetik gora bertaratu ziren, formato berriak suspertu bide duen interesaren adierazgarri edo. Aditu gisa parte hartu zuten Robert Woodthorpe Erresuma Handiko Liberaldemokraten Ingurumen-arduradunak (antinuklearra), Josep María Escribà Lleidako zenbait talde alternatiboren ordezkariak eta Josu Jon Imaz Euskadiko Energia Klusterraren lehendakariak. Ondotik, esan bezala, Artur Masek CiU-ren programa azaldu zuen iraunkortasunaz, energiaz, hondakinez eta garraioaz eta, azkenik, bertaratutako zenbait entzuleren galderei erantzun zien. Guztira, ia ordu biko saio ganorazkoa, gogotik serioa, batere esne-berbarik eta erdipurdikorik gabekoa.
“Mise en scène” delakoari dagokionez, telebista-platoan kokatu zen topaketa, argiztapen profesionalaz, laurogei metro karratu inguruko taulaz eta beste horrenbesteko pantaila garauaz. Datuak, berriz, aldez aurretik prestatutako irudiez eta infografiaz, dena erabat minimalista samarra, zehatz-mehatz eta zuhur-labur.
Batez beste dozena t`erdiren bat kazetari bertaratu ziren, nor bere ordenadorearekin: hiruzpalau informazio-agentzia, bizpahiru irrati, beste horrenbeste telebista, bi komunikabide digital eta lau blogari. Amaitu bezain laster nere emaila eskaini nion prentsa-arduradunari argazkiren bat bidali ziezaidan eta erantzuna, berriz: "Honez gero hogeitaka argazki dituzu flickren eta adierazpenak Arturren blogean".
Bere aurkezpenean zehar Woodthorpe jaunak “this meeting” esan zuen une batez. Bistan zen, ordea, horrelakorik aipatzean ez zuela gogoan “mitin” hitza, “topaketa” zentzua baizik. Izan ere, han ez zen senyerarik dantzan jarri, ez ereserkirik kantatu, ez aldarririk bota, ez beste ezein alderdirik aipatu, ez “hooliganik” agertu eta ez “claquerik” entzun, mitina ezezik, antimitina alegia. Baina, hori bai, Artur Masek frogatu zuen plaza-gizona dela, iraunkortasunaz hitzegiteko gauza, bere alderdiak ideiak (oker nahiz zuzen) garbi dituela eta, guztiaren atzekaldean, jakineko programaren jabe direla.
Hortik aurrera, gero gerokoak.