Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Antigoalekoaren balioa

Antigoalekoaren balioa

Amatiño 2024/03/22 12:55
Hiru belaunaldiren ostean, ondo dago hitzetik hortzera “izan zirelako gara eta garelako izango dira” (1) aipatzea. Baina aipatu ez ezik, sinetsi ere egin egin behar da, eta praktikan jarri. Historia ez da-eta sasoian sasoiko belaunaldi bakoitzarekin hasten. Gure kasuan, behintzat, antigoalekoak asko balio du.

Hara non, Pere Aragonès Generalitatearen presidentak euskal tankerako ekonomia itunen bat eskatu duen Kataluniarentzat. Eta, hona non, aldi bertsuan, Pello Otxandianok esan duen, Kontzertu Ekonomikoa  (Ekonomia Ituna) buru-belarri defendituko dutela. Lehena ez da berria, bigarrena bai, ordea.

Kataluniarentzat ekonomia ituna eskatzen lehena Jordi Pujol izan zen, 1996an, eta Jose Maria Aznarrek ezezkoaz erantzun. Orduan jakin genuen, Eusko Jaurlaritzak  Ituna  negoziatzen ziharduelarik 1981ean (2), Espainiako Gobernuak  antzerako zerbait eskaini (3) ziola Generalitateari, eta Pujol presidentak ez zuela halakorik onartu, itun-sistema “antigoaleko” kontua zelakoan.

Auskalo belaunaldi berriek ezer gutxi ote dakiten ETAk egindako astakeriez, baina nago piperrik ere ez dakitela Ekonomia Itunaz (4), nahiz euskal erakundeek duten oinarri-oinarrizko tresnarik baliotsuenetakoa izan.

Ekonomia Itunik baldin bada gaur egun, Espainiako Konstituzioak euskal eskubide historikoak hitzez hitz aipatzen dituelako da; eta aipatzen ditu (5), 1978ko negoziazio-garaian, euskal tradizioaren lekuko, Eusko Alderdi Jeltzaleak gogoan (6) izan eta sarrarazi zituelako. Kataluniarik ez da, ostera, inon aipatzen, ez zuelako izan nork gogoratu eta nork aiparazi.

Euskal memoriak indarrean zirauen 1978an (ikus 1976ko argazkia), gizarteak gomutan zituelako ehun urte lehenago (1876) galdutako foruak (7). Kataluniako gizartean ez zen ordea pareko tradiziorik, Kataluniak ez zuelako XIX. mendean forurik galdu, eta ez zituen galdu, ordurako galduak (1716) eta ahaztuak  zituelako 160 urte (bost-sei belaunaldi) lehenago (8).

Ez ahaztu, Gernikako Autonomia Estatua ez zela sekula aterako, espainiar eskuin frankista eta euskal ezker independentistarengatik izan balitz. PPri hamarren bat urte kostatu zitzaion jarreraz aldatzea eta, 45 urte geroago (bi belaunaldi!), Pello Otxandianok esan du esan duena, berak ordezkatzen duen mugimendua demokraziaren hiru hamarkada luzetan armetan jarria aritu ostean.

CiUk antigoalekotzat jo zuen ekonomia ituna, ez zitzaiolako nonbait “herrikoia” (9) iritzi Generalitateak zergak errekaudatu beharra. Fraga Iribarneren Alianza Popularrari, berriz, sasi-modernitate antiespainiarra  iruditu zitzaion,  eta ETAren inguruari, aldiz, etorkizunik gabeko erregimen zahar eta antieuskalduna. Baina, eskerrak gero,  APren eta ETAren gainetik, norbait Herri santu honen historiaren nondik norakoaz jabetu zena. Katea ez zen eten.

Hiru belaunaldiren ondotik, primeran dago takean potean “izan zirelako gara eta garelako izango dira”  aipatzea. Baina aipatu ez ezik, sinetsi ere egin egin behar da. Eta, zer gerta ere, praktikan jarri, historia ez baita unean uneko belaunaldi bakoitzarekin hasten. Gure kasuan, behintzat, antigoalekoak asko balio du.

.

Bergara1976
Bergara, 1976ko uztailaren 21ean. Plaza gainezka, ehun urte lehenago galdutako foruen alde.

 

   ...1) Joxe Migel Barandiaranek esana.

2) El Concierto Económico de 1981. Antecedentes y Negociación.

3) Bilera hartan izan ziren Jaime García Añoveros Ogasun ministroa, Pedro Luis Uriarte eta Ramón Trias.

4) Nafarroako Foru Hobekuntza, Nafarroaren kasuan.

5) Lehen xedapen gehigarria: "Konstituzioak lurralde forudunetako eskubide historikoak babestu eta errespetatzen ditu. Foru-araubide horren eguneratze orokorra, hala denean, Konstituzioaren eta autonomia-estatutuen eremuan burutuko da".

6) Sabino Arana 1864ean jaio zen eta 1895ean sortu zuen Euzko Alderdi Jeltzalea, abertzaletasuna aldarrikatzeko,  foruak 1876an galdu osteko etsialdian. Zentzuzkoa da EAJk 1978ko Konstituzioan historiaren ildoa berreskuratu nahi izatea. 

7) Nafarroan, 1842eko Foruak Eraldatzeko Legea.

8) Hirurehun urteko aldea.

9) "que recaptin ells els impostos!"!

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Idatzi zortzi zenbakiak erabiliz
Erantzuna: