Edukira salto egin | Salto egin nabigazioara

Tresna pertsonalak

Eibarko peoria, San Blasa baino hobia
Hemen zaude: Hasiera / Blogak / Amatiño / Anthony Quinn, Aita Santu nahiz euskal mugalari

Anthony Quinn, Aita Santu nahiz euskal mugalari

Amatiño 2025/05/06 16:15
Bihartik aurrerako konklabean ate-itxi bilduko diren kardinaleen artean 23 asiarrak dira. Bada dioenik ondo legokeela hurrengo Aita Santua begitxikia izatea Vatikanoaren eta Txinaren arteko “harreman zailak” erraztarazteko. Ideia ez da berria.
Anthony Quinn,  Aita Santu nahiz euskal mugalari

Anthony Quinn, Kiril I.a

Morris Westek 1963an idatzi zuen “The Schoes of the Fischerman” nobela non Pio XII.ak Sobietar Batasuneko Kiril Lakota ukrainarra izendatzen zuen kardinal, gero Kiril I.a Aita Santua izango zena, hain zuzen ere kardinalek hautatua Txinarekiko harremanak sustatzeko (1).

Westen nobela zinemara (2) eraman zuen Michel Anderson zuzendariak, eta Anthony Quinn aukeratu Aita Santu eslabiarrarenak egiteko, nahiz aktorea nabarmen mexikarra izan. Gaur egun nekez egin ahal izango litzateke halako parekotasunik, baina onartu ere onartu beharko Anthony Quinn izan dela sekulako aktorerik kamaleonikoena.

Anthony Quinnek aurpegi unibertsala ote?

Afrikar beltzaranenak-edo izan ezik, Quinnek denetariko paper anitzak jokatu zituen sei hamarkada luzetan egindako berrehun inguru filmetan. Hasi, mexikar peto-peto moduan hasi zen, Emilio Zapata Mexikoko iraultzako buruzagiaren anaia gisa, eta amaitu zuen, besteak beste, Jacqueline Kennedyrekin (3) ezkondu zen Aristoteles Onassis munduko gizonik aberatsa antzezten.

Bitartean, pentsa ezinezko endarik kontrajarrienak irudikatu zituen mexikarrak, alegia: cheyennea, inuita,  europar latindarra, grekoa, eslabiarra, judua, arabiarra, iparrafrikarra, malasiarra, txinatarra eta… euskalduna (4).

Hainbatetan jende anonimoaren karietara agertu arren (txikano arrunta, baserritar petoa, arrantzale dantzaria, abertzale sutsua,  alkate mozkorra, bidelapur bizkorra, ganster maltzurra, mafioso hutsa, lotinant koronel ausarta,  pirata azkarra edo torero mexikarra), beste zenbaitetan, ordea, izen-abizenez historia egin duten benetako zein fikziozko protagonista ezagunak interpretatu zituen Kiril I.a Aita Santuaz gainera. Esaterako: Zeus jainkoa; Antino, Peneloperen maitalea; Kaifas, apaiz judua; Barrabas lapurra; Kublai-kan, Yuan dinastiaren enperadorea; Atila hunoen erregea; Paul Gauguin pintorea; Antonio Stradivari biolin-jotzailea; Zaldi Zoro (Crazy Horse) indioa; Omar Al-Mukhtar, basamortuko gerrillaria; Parisko Notre-Dame katedraleko Quasimodo edo, esan bezala, Aristoteles Onasis aberats anitz milioiduna.

Denak arras berdinezak, azalez behinik behin, baina ez ostera izakeraz,  beti ere pertsonaia kartsuak, grinatsuak zein kementsuak... benetalariak eta pasioz josiak.

---oo0oo--- 

1) Vatikano eta Txinaren arteko harremanak Mao Zedongek hautsi zituen 1951an. Eliza katolikoak ezin izan ditu gotzain txinatarrak izendatu 2018 urte arte.

2) “Las sandalias del pescador”, 1968.

3) John Kennedy presidente estatubatuarraren alarguna.

4) “The Passage”, 1979 . 

.Anthony Quinn euskalduna

EUSKAL ARTZAIN ETA MUGALARIA. Bigarren Mundu Gerran (1939-1945), Frantziako Erresistentziak laguntza eskatzen dio euskal artzain bati (Anthony Quinn), naziengandik ihesi doan zientzialariak (James Mason) Pirinioetako muga gaindi dezan. Filmean, artzainak ez du jakineko izenik, "euskaldun" ezezaguna besterik ez da. Zuberotarra, antza, inguruko etxadien arabera. Filma, ingelesez, "The passage" bada ere, frantsesez "Le passeur d´hommes", mugalaria-edo, nonbait.

Trailerra

Iruzkina gehitu

Erantzuna formulario hau betez utzi dezakezu. Formatua testu arruntarena da. Web eta e-posta helbideak automatikoki klikagarri agertuko dira.

Galdera: Zenbat dira hiru ken lau (idatzi zenbakiz) ?
Erantzuna: